NAIZ

40 Minutu Rock salatu du EAJren bozeramaileak, presoen inguruko pankarta bat dela-eta

Presoen etxeratzearen aldeko pankarta bat jarri zutelako 40 Minutu Rock jaialdiko antolatzaileak zigortu nahi ditu Durangoko EAJko bozeramaile den Mireia Elkoroiribek, EH Bilduk salatu duenez. Joan den asteburuan ospatu zen presoen eskubideen aldeko jaialdi hori.

Jendetza Landako Gunean joan den asteburuko 40 Minutu Rock jaialdian. (Aritz LOIOLA/FOKU)
Jendetza Landako Gunean joan den asteburuko 40 Minutu Rock jaialdian. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Asteburu honetan euskal presoen amaiera eta Euskal Herrira gerturatzea eskatu duen 40 Minutu Rock festibala zigortzea eskatu du Mireia Elkoroiribe Durangoko EAJren eledunak bertan presoen etxeratzearen aldeko pankarta bat zegoelako, EH Bilduk salatu duenez.

Izan ere, ekitaldiaren antolatzaileek «adierazpen askatasunerako eskubidearen erabilera eginez presoen etxeratzea aldarrikatzen duen pankarta bat eskegi zuen jaialdiko eremu barruan, Landako Gunearen erabilera baimen guztiak lortu eta inspekzio denak gaindituta», azaldu du EH Bilduk, azken hamar urte hauetan jaialdiaren edizio guztietan ikur horu ikusgai izan dela nabarmendu du.

«Esan beharra dago euskal presoen giza eskubideen eta gerturatzearen alde adierazi direla behin eta berriz Euskal Herriko alderdi politikoen gehiengoa, besteak beste EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta EAJ-PNV. Euskal herritarron artean kontsentsu zabala lortu duen aldarria da presoen etxeratzea», gaineratu du EH Bilduk ohar batean.

«Zoritxarrez, azken egunetan jakin dugu Mireia Elkoroiribek 40 Minutu Rock jaialdian pankarta hori eskegi izana salatu duela, antolatzaileen aurkako isunak inposatzea eskatuz. Urte luzez Landako Gunea erabili duten kolore guztietako elkarte eta alderdi politikoek bere pankarta eta aldarri propioak eskegi dituzte eskubide osoz. Hala ere, salaketa honekin bi gauza erakusti ditu: lehenik, Mireiak zigorren bidez adierazpen eskubidea urratzea proposatu duela eskuin muturreko diskurtsoetara hurbilduz; eta bigarren, bere alderdiaren irizpidea kontraesan duela eta durangar gehiengoaren iritziaren aurka posizionatu dela Mireia Elkoroiribe», salatu du EH Bilduk.