NAIZ

NBEko Kontalariak argi utzi du euskaldunen eskubideak bermatzeko aldaketak behar direla

Nazio Batuen Erakundeko Kontalariak aurkeztu duen txostenean, Kontseiluak egindako oharrak bere egiteaz gain, gomendio zehatzak eman ditu; hizkuntza-ereduen inguruko ebaluazioa egiteko aholkua, besteak beste.

Hizkuntza Gutxituak Bermatzeko Protokoloaren aurkezpena, 2016ko abenduan Donostian. (Aritz LOIOLA/FOKU)
Hizkuntza Gutxituak Bermatzeko Protokoloaren aurkezpena, 2016ko abenduan Donostian. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunaren 27. artikuluari eduki zehatza emateko onartu zuen Nazio Batuen Erakundeak Gutxiengo Nazional, Etniko, Erlijioso eta Linguistikoko kide diren Pertsonen Eskubideei Buruzko Aldarrikapena 1992an. Espainiako Estatuak Deklarazio hori betetzen duen egiaztatzeko bira egin zuen iaz NBEko Kontalariak, eta besteak beste, Kontseiluko ordezkariekin bildu zen. Handik urte batera, Kontalariak bisitari buruzko txostena eta gomendioak biltzen dituen txostena argitaratu du.

Kontseiluko ordezkariek hainbat kezka agertu zituzten Kontalariaren aurrean. «Hizkuntza eskubideen zenbait urraketatan oinarrizko beste eskubide batzuk jokoan zeudela azaldu genion, bereziki justiziaren eta hezkuntzaren eremuan. Horretaz gain, Nafarroan gertatzen diren desorekak ere partekatu genituen», azaldu du Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak.

Kontalariak aurkeztu duen txostenean, Kontseiluak egindako oharrak bere egiteaz gain, eremu horien inguruko gomendio zehatzak eman ditu: «Botere Judizialaren Lege Organikoaren 231. artikulua aldatzeko gomendioa; hizkuntza-ereduen inguruko ebaluazioa egiteko gomendioa, kezka agertzen baitu eredu eleaniztun berriekin; gutxiengoen hizkuntzan oinarritutako irakaskuntzaren portzentajea
jaitsi dezakeen edozein neurri edo jarduna berrikusteko aholkua… Kontalariak argi utzi du aldaketak behar direla oinarrizko eskubideak bermatzeko».

Espainiar Gobernuaren jarrera

Espainiar Gobernuak gogor erantzun dio Kontalariari beste txosten baten bidez eta auzitan jarri du `gutxiengo´ terminoari esleitzen dion edukia.

Bilbaok agertu duenez, harrituta utzi ditu gomendioen aurrean Estatuak agertu duen «erasokortasunak». Gutxiengoak definitzeko NBEko Kontalariaren irizpidea zalantzan jartzeaz gain, «inolako daturen bermerik ez duten iritzi eta baieztapenak» egiten dituela leporatu dio.

«Akaso, ez daki hamaika eragilek, tartean Kontseiluak, informazio zehatzez betetako txostenak jarri genituela Kontalariaren esku. Gomendioei nola erantzun pentsatu beharrean, Kontalari independentearen kontra egiten du. Eskandaluzkoa da Estatuaren jarrera», adierazi du Bilbaok.