ARTgia sorguneak konfinamendua baliatuko du bere lehen deialdi digitala egiteko

ARTgia sorguneak #Artdemia ekimena jarri du martxan, non artistei sortzen jarraitzera animatzen dieten. Hala, proiektuaren baitan Euskal Herrian bizi edo lana egiten duten 30 artisten lanak aukeratuko dituzte internet bidez. Era berean, instituzioei eskatu diete deialdi publikoak egiten jarraitu dezatela, egoera hau konpontzen denean guztiak pilatu ez daitezen.

naiz|2020/03/30
Yone
Yone Estivarizen ‘Latxa’ erakusketa uste baino lehen itxi behar izan zuten. (ARTGIA)

ARTgia sorguneak egun hauetan bere aktibitatea gelditu beharrean, moldatzea erabaki du sorkuntza erdigunean jartzen jarraituz. Orain arte hiru erakusketa bertan behera utzi behar izan dituzte; Yone Estivarizen erakusketa espero baino lehen bukatu zen, Uxue Lopez de Arkauterena irailean programatuko dute berriro eta Estibaliz Aguirrerena urrira pasatuko dute. Horiek, aurretik antolatuta zituzten jarduerekin moldatu beharko dituzte.

ARTgia Sorgunearen helburu nagusietako bat artea sustatzearen eta garatzearen alde egitea da, eta artista garaikideak ikusaraztea «sormen jarduera sustatzeko eta jarduera paraleloen bidez bere obraren sustapena eta zabalkundea errazteko». «Herritar guztiok gure etxeetan gaudenean nekez gauzatu daitezke erakusketa eta zabalkundea orain arte planteatuta genituen moduan», diote. Egoera horren aurrean, eta ARTgia euskal kultur ekosistema osoak duen bidegurutze zailaren aurrean, ezin zen besoak gurutzatuta gelditu. «Artea eta sorkuntza garaikidea balioan jartzeko garaia da: une zail hauetan ikustarazi egin behar da», uste dute.
 
Hala, Enebada! eta Kultur ACT kultur elkarteek indarrak batu dituzte ARTgiarekin #ARTdemia Deialdiaren Lehen Edizioa abian jartzeko, konfinamenduan zehar garatutako tokiko artisten sorkuntzak erdigunean jartzeko apustua egiten duena.
 
Bizi dugun une historikoaren garrantziak horrelako deialdi bat behar duela ulertzen du ARTgiak. Horregatik, 30 euskal artistaren lanak aukeratuko dituzte –Nafarroa, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa Beherea edo Zuberoako lurraldeetan bizi edo lan egiten dutenenak–.
 
ARTgiak konfinamendu egoeran ere sortzen jarraitzearen aldeko apustua egin du. Dena den, deialdi honetan parte hartzen duten eragileek ohartarazi nahi izan dute Euskal Herriko kultura eta sormen-industrien sektorea egoera «oso kritikoan» dagoela.
 
«Europako herrialdeek, hala nola Alemaniak edo Frantziak, krisiari aurre egiteko eta KSIak alde batera ez uzteko zenbait ekintza abiatu dituzte, baina hemen ez dugu horrelakorik ikusten; ez Espainiako Gobernuaren aldetik, baina ezta Eusko Jaurlaritzaren, Nafarroako Gobernuaren eta Aldundien aldetik ere; ezta udalen aldetik ere», adierazi dute. Horregatik, beharrezkotzat jo dute egoera horretan premiaz planteatzea administrazioak hartu beharreko neurriak: krisi horrek kulturaren sektorean uzten ari den eragin kaltegarriak arintzen lagunduko duten neurriak.
 
«Telelanaren aldeko apustu publikoa egiten den bitartean, praktikan aukera hori ukatu egiten zaie sortzaileei, errotik moztu baitute proiektuak aurkezteko aukera, fase hori telematikoki soilik egin daitekeen arren», azpimarratu dute ARTgiatik. Euren ustez, arazoa bikoitza da: batetik, «eragile batzuek ezin dutelako aurreko urtean egindako lana justifikatu, dena stand by-ean egoteagatik; eta, bestetik, ez dakitelako 2020ko egitasmoak noiz aurkeztu ahal izango dituzten».
 
Azkenik, ohartarazi dute 2020. urteko azken hiruhilekoan kultur ekimenen saturazioa gerta daitekeela aurreikusten dutela. «Egoera honek ez die inolaz ere mesederik egiten ez publiko kulturalei, ez sortzaileei. Berbideratu ere egin behar da», eskatu dute.
 
Horrela, ARTgia, Enebada! Eta Kultur ACT-ek neurriak lehenbailehen hartzeko apustua egin dute eta zera proposatu dute, «2019ko justifikazioak eman ezin izan dituzten eragileei erraztasunak emateko erabakiak, 2020ko justifikazioak errazteko neurriak, denbora gutxiago egongo baita jarduerak garatzeko eta, batez ere, telematikoki aurkezten diren deialdi guztiak lehenbailehen martxan jartzeko, osasun-egoerak ahalbidetzen duenean jarduerak normaltasunez egin ahal izateko».

 

 

NAIZ
Loading player...


Koronabirusaren krisiak kaltetutako taldeei laguntza ekonomikoa eman eta euskal musikaren industria babestu eta kulturari egiten dion ekarpena balioan jarri nahi du NAIZ Kontzertuak ekimenak.

Elene CARRETO - FOKU
Loading player...


Konfinamenduaren erronketako bat da geure buruak eta gorputzak zaintzea. Bide horretan, NAIZek zumba saioak eskainiko ditu egunero, astelehenetik ostiralera, Elene Carreto dantzari durangarraren eskutik.