Jon Ormazabal

Baikok eta Innpalak Aldi Baterako Erregulazioa iragarri dute

Baikok eta Innpalak, esku pilota eta palako enpresek, Aldi Baterako Erregulazioa iragarri dute. «Egoera hau erakundeek gure jardunak berriz baimentzen dituzten unean» amaituko dela diote. Aspek, momentuz ez du halako erabakirik iragarri, baina denbora kontua izango da.

Baikoko pilotariak, Urduñan egindako egonaldian (Marisol RAMIREZ/FOKU)
Baikoko pilotariak, Urduñan egindako egonaldian (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Beste kirol askotan gertatu modura, Aldi Baterako Erregulazioak (ABE) ere heldu dira pilota mundura. Baikok eta palaren enpresa daraman Innpalak astearte honetan iragarri dute, egoerak behartuta, aldi baterako euren jarduera etengo dutela. Erabakiak bi enpresetako langile guztiei –pilotari, tekniko eta administrariei– eragingo diela adierazi dute.

Bide desberdinetatik, baina talde bereko bi enpresa izanda hitzez hitz errepikatzen den oharrean diotenez, erabakia erabat egoerak behartutakoa izan da eta «erakundeek gure jarduerei berriz ere ekiteko moduan gaudela berresten dutenean» amaituko da.

Langile guztiek erabakiaren berri jaso omen dute eta hauek izandako ulermena nabarmendu eta eskertu nahi izan dute bi enpresek, baita pilotazaleek une zail hauetan erakutsitakoa ere.

Aspen erabakia etortzear dago

Momentuz, EPELeko beste enpresa nagusiak, Aspek, ez du halako erabakiren berri ofizialik eman baina, gainontzekoak bezala, jaialdirik antolatu ezinda, pentsatzekoa da Eibarko enpresak halako erabakiren bat hartzea denbora kontua baino ez dela.

Pilota munduko lehen mugimenduak, ordea, erremontean heldu ziren. Kasu honetan, baina, bertako profesionalek ABE-a ezartzeko baldintzak betetzen ez zituztenez –pilotari denek beste lanbide batetik jasotzen dute soldata nagusia– astearte honetan amaitzen ziren kontratuak ez berritzea erabaki zuen Oriamendik, egoera bere onera etortzen denean ateak berriro ireki ahal izatearen esperantzarekin.