Naiz

Pasaiako Itsas Festibala bertan behera uztea erabaki dute

Maiatzaren amaieran zen ospatzekoa Pasaiako txoko desberdinetan zehar itsasoari lotutako kultura zabaltzen duen jaialdia. Antolatzaileek uste dute bizi dugun egoeraren ostean, festibala berme guztiekin antolatzeko modurik ez dela egongo eta bertan behera uztea erabaki dute.

Jaialdiak milaka pertsona erakartzen ditu Pasaiara.  (Jon URBE/FOKU)
Jaialdiak milaka pertsona erakartzen ditu Pasaiara. (Jon URBE/FOKU)

Maiatzaren amaieran hiru ontzi handi ekartzeko intentzioa zuten aurten Pasaiako Itsas Festibalera, eta ontzi eder horien erakusketarekin batera, itsasoarekin harremana duten zein musikarekin egitarau oparoa zuten prestatuta. Hala ere, egun bizi dugun egoerak dena zapuztu du eta, kasu honetan ere, jaialdia bertan behera uztea erabaki dute.

«Gure ustez, egungo testuingurua dela eta, eskuragarri dagoen informazioa aintzat hartuz eta normaltasunera era progresiboan itzultzeak ekarriko duen egoera ikusita, bisitari ugari erakartzen dituen ekitaldi bat ospatzea ez da egokia eta erakunde bezaela dagokigu arduraz jokatzea», adierazi dute antolakuntzatik.

Izan ere, uste dute maiatzerako ez direla eskatzen diren osasun eta segurtasun publikoaren baldintzak beteko, ordurako konfinamendua amaitu bada ere, pixkanaka hasi beharko garelako bizitza normala egiten eta, logikoa denez, jende multzo handiak ekiditea garrantzitsua izango da.

Erabakia «zaila baina beharrezkoa» dela ulertuz, antolakuntzak eskerrak eman nahi izan dizkie «festibala berea egin duen pertsona bakoitzari, zuen ekarpen eta motibazioarengatik».

Baikortasunez betetako mezu batekin amaitu nahi izan dute ohar informatiboa, esanez «indar eta ilusio handiagoarekin» itzuliko direla datozen edizioetan «garai hauetan hain baliotsuak diren lankidetza sareak ehuntzen jarraitzeko».