Aberri Egunerako Euskal Herria Bateraren deia babestu dute EH Bilduk eta EH Baik

Krisi momentuan bada ere, Euskal Herriak duen indarra erakustera animatu dute jendea. «Euskal Herria Baterak egindako deialdira batzen gara eta deialdi berezi bat luzatzen diogu euskal jendarteari ekimenean parte hartzeko», azaldu dute EH Bilduk eta EH Baik.

NAIZ|2020/04/06
Medikuak
Osasun langileak Barakaldoko Gurutzetako Ospitalean. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Aberri Eguna ospatzeko Euskal Herria Batera-k egindako deialdiarekin bat egin dute EH Bilduk eta EH Baik, ohar batean jakinarazi dutenez. Bertan adierazi dute bizitzen ari garen osasun krisia kalte anitz eragiten ari bada ere, elkartasun keinuak ugaritzen ari direla eta etxeetako balkoi eta leihoak elkartasun eta aldarrikapen gune bilakatu direla: «Osasun arloko langileen txalotzeko, indar okupatzaileen salatzeko, beste jendarte baten aldarrikatzeko, euskal presoei elkartasuna adierazteko... Birusak ez du eten borrokarako grina».

Osasun arloan lanean ari diren langileen inplikazioa aipatu dute EH Bilduk eta EH Baik. Eta sostengua adierazi diete oraindik lanean ari diren beste langileei: laborariak, zabor biltzaileak, garraiolariak, okinak, supermerkatuko langileak eta beste. «Gehienetan emazteak dira eta lan baldintza prekarioak jasaten dituzte eta soldata murritzak hunkitzen. Txalo eta eskerrak aparte, ez ditugu ahantzi beharko krisia amaituko delarik».

Euskal preso politikoen egoera ere ez dute ahantzi. «Konfinamendu egoera honetan haien zigorra biderkatu egiten delako haien kartzelaldia are onartezinagoa iruditzen zaigu. Inoiz baino gehiago, haien Euskal Herriratzea eta gaixorik diren presoak eta adina daukaten presoen askatzea presazko neurriak dira. Aberri Egun honen bezperetan, gure sostengu eta elkartasun mezu beroena helarazi nahi diegu euskal preso politiko guziei eta haien senidei».

Bada zer errana

Honen guztiaren erdian ospatuko da Aberri Eguna. Eta, ziurtatu dutenez, kalera ateratzeko eta elkartzeko debekuek molde berezian ospatzera behartu arren, bada zer errana. «Neoliberalismoaren aurpegi gogorrena eta Estatuen inboluzioa ikusten ari garen honetan, burujabetzaren aldeko konpromisoa hartu behar dugu, langile eta, oro har, herritarren bizi baldintza duinak bermatu ahal izateko, gizarte eredu justua eraikitzearen bidean».

Aldarrikatu dutenez, «globalizazioaren eta neoliberalismoaren ondorioei aurre egiteko tresna dugu esku artean: burujabetza. Horrek bermatuko digu herri gisa bizirik segitzea eta aldi berean, gizarte justuago bat eraikitzeko baliabideak eskuratzea».

Krisi momentuan bada ere, Euskal Herriak duen indarra erakustera animatu dute jendea. Euskal Herria Baterak egindako deialdira batu dira eta deialdi berezi bat luzatu diote euskal jendarteari: «Euskal Herria Batera ikurra osatzera deitzen zaituztegu, bakoitzak bere desioa argazki batean islatuz eta sarera igoz, mosaiko digital erraldoi bat marrazteko moduan».

«Euskal Herria, modu batean ala bestean, bizitzen duen herritar oro egun horren ospatzerat gonbidatzen dugu», agertu dute EH Bilduk eta EH Baik.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK

 

 

NAIZ
Loading player...


Koronabirusaren krisiak kaltetutako taldeei laguntza ekonomikoa eman eta euskal musikaren industria babestu eta kulturari egiten dion ekarpena balioan jarri nahi du NAIZ Kontzertuak ekimenak.

Elene CARRETO - FOKU
Loading player...


Konfinamenduaren erronketako bat da geure buruak eta gorputzak zaintzea. Bide horretan, NAIZek zumba saioak eskainiko ditu egunero, astelehenetik ostiralera, Elene Carreto dantzari durangarraren eskutik.