naiz

Azkoitiko plantarekin Zaldibarko «akatsa errepikatzen» ari dela ohartarazi du EH Bilduk

Lakuako Gobernuak Azkoitian hondakin planta pribatu bat ireki asmo duela eta, EH Bilduk salatu du Zaldibarko akats berbera egingo duela Ingurumen sailak. «Lakuako Ingurumen sailak ez du ezer ikasi Zaldibarren», ondorioztatu du Mikel Otero koalizio abertzaleko legebiltzarkideak.

Protesta Zaldibarren, gertatutakoa argitzeko eskatuz. (Aritz LOIOLA/FOKU)
Protesta Zaldibarren, gertatutakoa argitzeko eskatuz. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Lakuako Ingurumen sailak Azkoitian hondakin planta pribatua eraikitzeko baimena eman du, eta EH Bilduk «larria eta onartezina» deritzo. «Zaldibarren argi geratu da instalazio pribatuetan kontrol publikoak ez direla nahikoa, Jaurlaritzak berak aitortu duenez, eta hondakinen kudeaketa eredua aldatu behar dela, esku pribatuetatik publikoetara pasa dadin, baina Gobernua akatsa errepikatzen ari da Azkoitian», esan du Mikel Oterok.

Gainera, hondakin plantaren baimenak Legebiltzarra deseginda dagoela bideratzea, «oharkabean egiten saiatzea», kontrol parlamentarioa saihesteko estrategia dela iritzi du Oterok.

«Administrazioak urteetan sustatu duen hondakinen kudeaketa pribatua, ‘low-cost’ eredua, etekin pribatu azkarra helburu duena, ez da bateragarria esparru horretan ezinbestekoa den kontrol publiko zorrotzarekin», azpimarratu du Oterok, eta gogorarazi du Zaldibarko ezbeharraren ostean Iñaki Arriola Ingurumen sailburuak berak onartu zuela kudeaketa eredu pribatu hori ez ote zegoen agorturik, kontrol publikoak huts egin zuela ikusita, eta horri buruzko gogoeta sakona egin behar zela.

«Agerikoa da baietz, hondakinen kudeaketa kontu esentziala dela jendartearentzat eta horrek, beraz, eskatzen duela horren inguruko planifikazioa, exekuzioa, kudeaketa eta kontrola publikoak izatea. Tamalez, Arriolari oso azkar ahaztu zaio Zaldibarkoaren ostean esan zuena, gezurrezko malkoak ziren. Azkoitian beste planta pribatu bat irekitzeko baimena emateak hala frogatzen du», esan du.

Ohartarazi du, halaber, Azkoitiko instalazio berrian, «helburua hondakinen balorizazioa dela dioten arren, biltegi bat egongo dela eta bertan lur kutsatuak, amiantoa barne, gordeko direla».