NAIZ

Bera Berarekin berritu eta 12. denboraldia jokatuko du Donostian Alba Menendez kapitainak

Imanol Alvarez entrenatzailearen gidaritza berretsi ostean, Super Amara Bera Berak gaur publikoki egin du Alba Menendez kapitainak beste urtebetez luzatuko duela bere hitzarmena. Ondorioz, hamabigarren denboraldiari ekingo dio Bidebietan bizkarrean 8 zenbakia duenak.

Alba Menendez, Bera Berarekin partida batean. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)
Alba Menendez, Bera Berarekin partida batean. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

Alarma Egoerak kirol jarduera gelditu badu ere, kudeaketa lanek bizirik jarraitzen dute Super Amara Bera Beran. Batetik, osasun krisialdiak aukera emango balu lehiaketari nola heldu aztertzen ari da; eta bestetik, hurrengo denboraldirako oinarriak sendotzen dabil, non eskarmentua eta gazteria uztartuko diren, kasu honetan 2020-21an azken joera hau nagusi izango delarik.

Menendezek 28 urte ditu –azaroan 29 egingo ditu-, eta 300 partida baino gehiago jokatu ditu Bera Beran. Zarautz KEtik Donostiara egin zuen salto eta 17 urte zituela debuta egin zuen Ohorezko Mailan 2009-10 denboraldian. Hurrengo urtean lesio larri bat gainditu behar izan zuen, hernia diskala, baina guztiz osatu egin zen ebakuntza ostean. Izan ere, deialdian finkoa da eta 200 partida jarraian egin ditu, 2014ko irailean Guadalajaran ospatu zen Superkopatik gaur arte, birritan baino pistara ez zuen salto egin entrenatzaileek babestu nahi izan zutelako.

«Menendez apustu sendoa da», adierazi du Bera Berak. «Kapitain lanetan eroso sentitzen dena, defentsari egiten dion ekarpena da bere indargunea, erasoan ezker-eskuin albokoetan mugitzen dakiena eta abiadura aprobetxatu», gaineratu du klubak. Alba Menendezek 669 gol sartu ditu Bera Berakin, klubeko zazpi golegile nagusienen artean kokatu delarik aurten.