NAIZ

Solasaldi digitalak antolatu ditu Gure Eskuk, gelditu, hausnartu eta erabakitzeko

Krisiak inflexio puntu izaten dira: aurreko ereduetan sakontzeko ala bide berriak hartzeko aukera. Norabide bat ala beste hartu herritarrok erabaki beharko genukeela sinetsita, Gure Eskuk internet bidezko hitzaldi ziklo bat hasiko du ostegun honetan.

Lehenbiziko solasaldiaren kartela. (GURE ESKU)
Lehenbiziko solasaldiaren kartela. (GURE ESKU)

«Bizi dugun osasun krisiak salbuespenezko egoera batera eraman gaitu; gure jendartearen indargune nahiz ahuleziak muturrera eraman eta azalera ekarri ditu. Hamaika auzi zeuden mahai gainean krisi honen aurretik ere, baina ezin uka egoera honetan gai asko eta askok esanahi berezia hartu dutela», hausnartu du Gure Eskuk.

Auzi horiei heltzeko asmoz, solasaldi zikloa hasiko du ostegun honetan, ‘Gelditu. Hausnartu. Erabaki’ izenburuarekin. Bi edo hiru hizlari elkarrekin mintzatuko dira, ordu erdiz, eta dagokien gaiari buruz egiten duten egoeraren analisia eta euren ustez behar diren aldaketak eta hartu beharreko erabakiak partekatuko dituzte.

Bost saio; lehena, kulturaz

Printzipioz, bost saio izango dira, guztiak ordu berean, 19.00etan. Lehena, ostegunean, euskaraz. ‘Kultura: apustu egiteko garaia’ izena jarri diote hiru idazleren arteko topaketa digitalari. Garbiñe Ubeda Euskal Idazleen Elkarteko lehendakaria, Gotzon Barandiaran kulturgilea eta Hedoi Etxarte Katakrak liburu dendako kidea izango dira.

Bigarren saioa espazio publikoaren itxieraren ingurukoa izango da, hau ere euskaraz. Apirilaren 28an konektatuko dira Mario Zubiaga politologoa, EHUko ikertzaile eta irakaslea eta Gure Eskuren Zuzendaritza Kontseiluko kidea eta Xabier Barandiaran soziologoa, Deustuko Unibertsitateko irakaslea eta Gipuzkoako Foru Aldundiko estrategia arduraduna.

Hurrengo hitzorduan, apirilaren 30ean, gobernantza ereduaren krisiari helduko diote, gaztelaniaz, Jaume Lopez Pompeu Fabra Unibertsitateko Zientzia Politikoetako irakasleak eta Zelai Nikolas legelari eta Gure Eskuren Zuzendaritza Kontseiluko kideak.

‘Elikadura eta kontsumoa: teoriatik praktikara’ izenburua izango du maiatzaren 5ean, euskaraz, Gotzone Sestorain Zabaleta baserritarra eta Etxalde sindikatuko eta Leitzeko kontsumo taldeko kidea, eta Mirene Begiristain Zubillaga ekonomilaria, EHUko ikertzaile eta irakaslea, eta EH Kolektiboko zein OlatuKoop kooperatiba sareko kidea bilduko dituen hitzorduak.

Azkenik, sistemaren krisiaz mintzatuko dira, maiatzaren 7an, gaztelaniaz, Amaia Perez Orozco ekonomialari eta aktibista feminista eta Jule Goikoetxea filosofo politikoa, ikertzailea, irakaslea eta aktibista feminista.

Elkarrizketak zuzenean ikusi ahalko dira, baita gerora ere, Gure Eskuren Youtube-ko kanalean. Edukia ahalik eta gehien zabaltze aldera, nahi izanez gero, webguneetan partekatzeko gonbita egiten dute.

Bazkide komunitatearen babesa

Gure Eskuren ustez, osasun krisiak azaleratutako indargune handienetako bat komunitatearen indarra da. Bizi dugun salbuespenezko egoeran, bazkideak dira Gure Eskuren sostengu ekonomiko bakarra. Horregatik, bazkidetza kanpaina berezi bat jarriko du laster martxan, komunitatearen babesa indartzeko asmoz.

Kaleko mobilizazioak, udazkenera

Etorkizun politikoaz eta gai guztiez erabakitzearen alde, eta erabakitzeko eskubidea arautzea helburu, erreferendumaren aldeko sinadura bilketa masiboa abiatu zuen martxoaren 11n Gure Eskuk, hainbat eragile sozialekin elkarlanean, Hamaika Gara egitasmoaren baitan.

Egun gutxira, koronabirusak sortutako osasun krisia tarteko, hasieran 2020ko udaberrirako aurreikusitako kanpaina udazkenera arte luzatzeko erabakia hartu behar izan zuen. Kanpaina digital bat jarriko du martxan osasun krisia bere onera etortzen hasten denean, eta bitartean, sinatzeko aukerak zabalik jarraituko du hamaikagara.eus atarian.