Atsedenaldi labur baten ondoren, prest dago hamarka mila euskaldunek jarraitzen duten ‘Egunean Behin’ jokoaren laugarren denboraldia, ‘Etxealditik Euskaraldira’ kanpainarekin bat eginez.
Sare sozialen bitartez jakinarazi dutenez, datorren astelehenean hasiko da denboraldi berria, hamar astez luzatuko dena, uztailarera arte.
Datorren astelehenean, apirilak 27, hasiko da berriro Egunean Behin. 4. denboraldia, 10 astez, uztailera arte. pic.twitter.com/PnFgwvrCct
— Egunean Behin (@eguneanbehin) April 23, 2020
Egun gutxi batzuk baino ez dira falta, beraz, egunero-egunero gai askotariko hamar galderei ahalik eta azkarren erantzuten saiatzeari ekiteko.
Antolatzaileek azaldu dute Lakuako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza izango dela denboraldi berri honen babeslea.
Iragan martxoaren 4an bete zuen joko ezagunak lehen urtemuga eta Euskal Herrian zein gure mugez kanpoko euskaldunen artean lortutako arrakasta nabarmena izan da. Izan ere, urteurrenaren egunean nabarmendu zuten bost milioi partiden eta 100.000 erabiltzaileen langa gaindituta zegoela.