Aitor AGIRREZABAL

EH Bilduren deseskalatze plana: sekuentziala, herritarren inplikazioarekin eta kontzilizazioa lagunduta

EH Bilduk, Joel Lopez eta Oriol Mitja adituen proposamenenetan oinarrituta, Hego Euskal Herrian koronabirusaren ondotik sortutako konfinamendutik irteteko plan bat proposatu du. Deskonfinamendu sekuentziala, biztanleriaren immunitate maila ezagutzea, aplikazio baten bitartez kasu berriak berehala detektatzea eta atzera egin eta konfinamendua berrezartzeko aukera aurreikusten ditu.

Bilboko kaleak, haurrek irteteko aukera izan zuten lehen egunean. (Aritz LOIOLA / FOKU)
Bilboko kaleak, haurrek irteteko aukera izan zuten lehen egunean. (Aritz LOIOLA / FOKU)

Joel Lopez eta Oriol Mitja adituen proposamenenetan oinarritutako deskonfinamendurako plana zehaztu du EH Bilduk. Maddalen Iriarte legebiltzarkideak Iñigo Urkullu lehendakariari eskura eman zion ostiraleko plenoan eta Hego Euskal Herriko alderdi politikoekin eta eragileekin eztabaidatu eta adostu nahi du plan hori koalizioak. NAIZek plan hori ezagutzeko aukera izan du.

Koronabirusaren transmisioa, epe laburrean, etetea «ezinezkotzat» hartuta, konfinamenduaren irteera ordenatua ahalbidetuko duten tresnak planteatzea da txostenaren jomuga, bi irizpide nagusirekin: kasu berrien agerpena ahalik eta gehien murriztu eta horiek goiz antzematea.

«Epidemiak kontrolatzeko osasun publikoaren oinarrizko bi printzipioei erantzun ahal izateko (gaixoak isolatzea eta kontaktuak kontrolatzea), azkar ezagutu behar ditugu kasu berriak eta haien kontaktu guzti-guztiak», iritzi du EH Bilduk. Eta, bide horretan, lau ekintzetan oinarritzen du prozesu hau: Deskonfinamendu sekuentziala, biztanleriaren immunitate maila ezagutzea, kasu berriak eta kontaktuak berehala detektatzea eta atzera egin eta konfinamendua berrezartzea kasuak pilatzen dituzten eremu zehatzetan.

Herritarren ahalduntzea eta kontziliazioa

Horretarako, indar politiko guztiek babestuko duten eta prozesuaren buru izanen den osasun sail «garden» baten beharra nabarmendu du koalizioak. Era berean, kasu berriak isolatu, haien kontaktuak identifikatu eta «gune beroak» detektatzeko prozesu bat abian jarriko dituen zuzendaritza baten beharra azpimarratzen du txostenak.

Kutsadura non eta nola gertatzen den identifikatzea eta lehen mailako arreta lehenetsiko da. Plan honek herritarren ahalduntzea eta zentro pribatuen lankidetza ere eskatzen du, herritar guztien eta, batez ere, osasun-langileen prestakuntza bermatuz. Beti ere, «babesgabetasun sozial eta sanitario handieneko kolektiboak» kontuan hartuz.

Bide horretan, «epe laburreko kontziliazioa» ahalbidetzen dituzten hainbat neurri jarri dituzte mahai gainean. Hala nola, ordutegi egokitzeak eta lanaldi murrizteak; bi heldu baino gehiago dituzten familientzat, helduetako bati adingabea zaintzeko ordainsariaren %100arekin baimena ematea; guraso bakarreko familientzat, zaintzailea kontratatzeko %100eko ekarpen ekonomikoa duten laguntzak; kontraturik gabe lan egiten duten kolektiboetako pertsonentzako adingabeak zaintzeko gizarte prestazioak; udan kontziliazioa ahalbidetuko duten beste hainbat neurri; kolektibo zaurgarriak identifikatzea; eta gizonezkoei zuzendutako kontzienziazio kanpainak.

Zentzu honetan, dagoeneko herri eta auzo askotan sortuak diren herritar sareak bultzatzea proposatzen da.

Aplikazio bat, herritar guztien esku

Biztanleriaren immunitate maila ezagutu eta kasu berriak eta hauen kontaktu guztiak berehala detektatu asmoz, anonimotasuna errespetatzen duen aplikazio bat proposatu dute. Honek pertsonaren sintomak sartzeko aukera emanen luke eta bluetooth bidez metro batzuk hurbiltzen diren pertsonen telefono kodeak irakurriko ditu, haien telefonoan erregistro bat gordeta.

Norbait positibo gisa baieztatuz gero, osasun-arduradunei datuak emateko eskatuko zaio, eta arduradun horiek azken egunetan gertu egon diren pertsonen kodeak deskargatuko dituzte. Horrek foku beroak detektatzeko eta infekzio aldian pertsonak konfinatzen direla ziurtatzeko balioko luke. Era berean, harremanetan egon den pertsonari jakinarazpen bat iritsiko zaio testa egin, konfinamenduan egon edo arreta neurriak hartu behar dituen jakinaraziz.

Aplikazio honek, berau erabili ezin duten pertsonengan (adinekoak, telefonorik ez dutenak, informaziorik ez dutenak...) edo ez erabiltzea erabakitzen duten pertsonengan pentsatu behar du eta egoera horietarako alternatibak bilatu beharko lirateke. Gainera, nabarmendu egiten du erakundeek ezingo dutela aplikazioa beste ezertarako erabili.

Deskonfinamendu sekuentziala; gazte osasuntsuak lehenbizi

Gizartearen deskonfinamendua aurrera eramateko hainbat irizpide ezarri ditu EH Bilduk Lopez eta Mitja adituekin batera egindako proposamenak. Lehenbizi oinarrizko zerbitzuak ez diren negozioak irekitzea aginduko da. Honen ostean, ostalaritza pixkanaka irekitzea aginduko da, urruntze egokia izan dezaketen lokalei lehentasuna emanez. Ondotik, 70 urtetik beherako pertsonak etxean geratzeko gomendioa kenduko da eta ikastetxeak eta hezkuntza-zentroak berriz irekiko dira. Beranduago, 70 urtetik gorako pertsona inmunodeprimituen konfinamendua baztertuko da. Hala ere, «kontuan hartuta bakardadeak eta mugikortasunik ezak eragin negatiboa duela, immunizatutako pertsonek konfinamendua utz dezaten erraztuko da». Azkenik, 50 pertsonatik gorako ekitaldien murrizketa alboratu.

Prozesu hau gauzatzeko ezin da kronograma zehatzik finkatu. «Urrats bakoitzak gure osasun sisteman duen eragina monitorizatu eta horren arabera jokatu behar da», azaltzen du koalizioak. Zentzu horretan, kasu berriak eta askotan errepikatutako kurba dira adierazle nagusiak, baina baita ospitaleratze berrien kopurua edo profesionalen babes neurri maila.

Eta programa argia da. «Egoerak okerrera egingo balu eta epidemiaren bilakaeran beste aurrerapen bat egongo balitz, berehala hartuko lirateke behar bezalako konfinamendurako erabakiak, erabatekoak edo partzialak».

Konfinamendua kentzeak higiene neurriak zorroztera behartzen duela azpimarratzen du txostenak. Horrela, tenperatura hartzea, higiene neurriak, espazioen garbiketa eta desinfekzioa eta laneko arriskuen prebentziorako eta osasunerako unitateak indartzea ezinbestekoa izango da enpresetan, ikastetxeetan, kirol eta kulturguneetan, garraio publikoko geltokietan edo aireportuetan, besteak beste.

Inmunitate maila ezagutzea

Hala ere, beti biztanleriaren immunitate mailak baldintzatuko du zein pertsonak utz dezakeen konfinamendua eta zein erritmotan egin daitekeen. Gaur egun, herritarren %15 inmunizatuta dagoela uste da, baina zenbateko zehatza ezezaguna da. Screening masiboa egin behar da proba serologiko azkarrarekin».

Horretarako hainbat kontrol gune ezarri beharko lirateke, hala nola farmaziak, lehen mailako arretako zentroak, enpresetako mediku-aholkularitzak, unibertsitateak edo zaharren egoitzak.

Horri esker, infekzio fokuak detektatu ahal izango direla irtzi du koalizioak. Sintomak dituzten pertsonak garaiz identifikatu beharko dira, ahal izanez gero telefonoz edo aplikazioaren bitartez eta norbaitek sintomak aipatzen baditu, diagnostiko puntu hurbilenean proba bat egitea gomendatuko zaio.

Dena den, «kontuan hartuta test kopurua beti mugatua izango dela, egindako testetatik ahalik eta informazio gehien lortzeko, laginketa prozedura, kontzeptu matematikoetan oinarrituta optimizatuko da», azaltzen du txostenak. Analisi hauei esker, astebete edo bitarako joerak aurreikus daitezke.

Mugikortasuna

Era berean, biztanleriaren mugikortasunaren gaia kontuan hartzeko eskatzen da, tokian, lurraldean, autonomia-erkidegoen artean eta EU (Schengen) eta nazioartean kontrolatuko den bezala. «Negozioak irekitzeko protokoloa aipatzen den bezala, mugikortasunera irekitzeko protokolo bat egon beharko litzateke, tokiko mailatik hasi eta nazioarteraino».

Azkenik, Osakidetzaren eta Osasunbidearen ohiko jarduerari nola eta zein fasetan berrekingo zaion planifikatu beharko litzateke, kontuan hartuta pandemiari erantzun ahal izateko ia jarduera guztia murriztu eta ezabatu egin direla.