NAIZ

Unicefek neurri sorta bat proposatu die udalei, haur eta nerabeak zaintzeko

Unicefen Haurren Lagunen Hirien ekimenak krisiak ume eta nerabeen «oraina eta etorkizuna arriskuan jartzea» ekidin nahi du. Horretarako, udalengana zuzendu da, «haurren ingurune hurbilena diren heinean, funtsezko eragileak» direlako.

Haurrei zuzendutako idatzi eta bideoak egitea planteatu die Unicefek udalei. (Idoia ZABALETA/FOKU)
Haurrei zuzendutako idatzi eta bideoak egitea planteatu die Unicefek udalei. (Idoia ZABALETA/FOKU)

Covid-19ari aurre egiteko ezartzen ari diren neurriek haur eta nerabeen eskubideak berma ditzaten, Unicefen Haurren Lagunen Hirien ekimenak orientabideak eta baliabideak eskaintzen dituen dokumentu bat helarazi die udalei.

Helburua da krisi honek haurren eskubideen arloan atzerapausorik ez eragitea. «Haur eta nerabeen eguneroko bizitza izugarri aldatzen ari da osasun-larrialdi honetan eta epe ertain eta luzera egoera horrek haurren oraina eta etorkizuna kolokan jartzea saihestu behar dugu», azaldu du erakundeak.

Horretarako, haur eta nerabeak kontuan hartzen dituzten neurriak martxan jarri behar direla uste du, «bereziki kalteberatasun handiena dutenak babesteko». Eta udalak, «haurren ingurune hurbilena diren heinean, funtsezko eragiletzat» hartzen ditu. «Esperientzia eta erantzuteko gaitasun handia dute euren beharrak asetzeko eta eskubideak babesteko. Badute hainbat esparrutan lan egiteko aukera: babesa, oinarrizko zerbitzuetarako sarbidea, hezkuntza-errefortzua, elikadura edo parte-hartzearen sustapena».

Zehazki, zera proposatu die Unicefek haurrak babesteko: «Ume, nerabe eta helduei dauden baliabideen inguruko informazio zuzena ematea; haur eta nerabeentzako telefono-linea zuzena ezartzea; laguntza psikosoziala ematea, telefonoz zein aurrez aurre, beharrezkoa denean; ziberjazarpenaren biktimak izan daitezkeen haurrak identifikatzeko, gurasoentzako eta zaintzaileentzako jarraibideak zabaltzea; genero indarkeriaren biktima diren haur eta nerabeei arreta ematea; eta haur eta nerabeen osasun mentala zaintzeko jarraibideak ematea».

Pobreziari aurre egiteko, aldiz, honakoa planteatu die: «Talde ahulenek jasotzen dituzten zerbitzu eta prestazio ekonomikoak ez direla geldiaraziko bermatzea; haur eta eta nerabeen elikadura osasungarria ziurtatzea; etxebizitza izateko eskubidea babestea; eta etxeetako energia eta ura ordaintzeko laguntzak ematea».

Ume eta nerabeen parte-hartzea bultzatu

Haur eta nerabeen parte-hartzeari buruz, beren beharrak definitzeko prozesuan inplikatzea proposatu du Unicefek, dauden partaidetza-mekanismoak erabiliz, haurren eta nerabeen partaidetza-aholkularitzak, esaterako. Haur eta gazteen artean inkestak egitea ere aukera ona dela ikusten du, pandemia garaian dituzten behar eta lehentasunak ezagutzeko, talde kalteberak edota bazterketa arriskuan daudenak lehenetsiz.

Haurrei zuzendutako prentsa-hitzaldiak, gutunak, bideo-materiala eta bolanteak eskaintzea ere planteatu du.

Haurren garapena zaintzeko, eskolei eta guraso zein zaintzaileei laguntzea proposatu du, haur eta nerabeek ikasten jarraitu ahal izan dezaten, eskolak itxi arren, familia ahulenei arreta berezia eskainiz.

Hezkuntza indartzeko laguntzak eskaintzea planteatu du Unicefek, telefonoz edo plataforma digitalen bidez, ikasteko zailtasunak dituzten haurrentzat. Eta udal mailako neurriei buruzko informazio-plataforma bat sortzea ere bai, informazio berria eduki ahala eguneratuko dena.