Zinemaldiak eta EQZEk ‘Zine-jaialdiei buruzko begirada kritikoak’ ikastaroa eskainiko dute

EHUk urtero antolatzen dituen Uda Ikastaroen baitan kokatuko da zinema jaialdien inguruko gogoeta egitera proposatzen duen honek. Gipuzkoako Diputazioak sustatuta eta finantziatua, Zinemaldiak eta Elias Querejeta Zine Eskolak gonbitatutako hizlariek hartuko dute parte.

Naiz|2020/05/21
Zinemaldia-sarituak
Zinema jaialdiak izango ditu aztergai ikastaroak. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

Zinemaldiak eta Elias Querejeta Zine Eskolak (EQZE), Gipuzkoako Foru Aldundiak sortua eta finantzatua, UPV/EHUren Udako Ikastaroen 2020ko programan parte hartuko dute, ‘Zine-jaialdiei buruzko begirada kritikoak: historia, kultura eta politika’ proposamenarekin. Ikastaroak zinema-jaialdiei buruzko ikerketarako bidea proposatzen du, iraganaren, orainaren eta geroaren arteko elkarrizketak ezarrita.

Ikastaroaren zuzendaria Pablo La Parra Perez izango da, EQZEko ikerketa saileko arduraduna. Berarekin batera Caroline Moine ikertzailea (Versailles Saint-Quentin-en-Yvelines Unibertsitatea) eta Aida Vallejo (UPV/EHU) izango dira hizlariak. Gainera, zinema-jaialdiei buruzko ikerketa kritiko eta konparatua hiru mahai-ingururekin osatuko da. Paz Lázaro, Berlinaleko hautapen-batzordeko programatzailea, eta Marta Selva, Bartzelonako Mostra Internacional de Films de Dones jaialdiaren zuzendaria, feminismoaz eta jaialdietako genero-arrakalaz ariko dira; Charlotte Serrand Canneseko Errealizadoreen Hamabostaldiko hautesleak eta Víctor Iriarte Tabakalerako Zinema eta Ikus-entzunezkoen programaren arduradunak zinema-jaialdien XXI. mendeko programazio-erronkak aztertuko dituzte; eta Alejandro Díaz Castañok (FICX Gijón), Vanesa Fernández Guerrak (ZINEBI) eta José Luis Rebordinosek (Donostia Zinemaldia) estatu espainiarreko zinema-jaialdien erronkak eta ikuspegiak izango dituzte hizpide.

Zinema-ikerketako eta industriako profesionalen bilgune honen xedea da zinema-jaialdien gaineko eztabaida sustatzea, ikuspegi kritiko, historiko eta konparatuan oinarrituta, zinema-jaialdien, zinema-kulturaren eta aldaketa historiko eta sozial nagusien arteko lotura ulertzeko. Azterketa-kasuak landuko dituzte, nazioarteko zinema-jaialdien artxiboen gainean egindako ikerketak oinarri hartuta, jaialdion eginkizun politikoari buruz eztabaidatu eta hausnartzeko.

Ikastaroa irailaren 1etik 3ra artean egingo da. Izena emateko, EHUren Udako Ikastaroen webgunea erabili behar da. Matrikula doan izango da EQZEko ikasleentzat eta Zinemaldiko langileentzat, eta EQZEko ikasle ohiek prezio murriztua ordainduko dute. Plaza kopurua mugatua da.

 

NAIZ KONTZERTUAK
Loading player...


Bederatzi talde, bost Euskal Herriko areto... Denboraldi honetako NAIZ Kontzertuen unerik onenak.