Patxi Ruizek egarri greba utzi du; alta boluntarioa eskatu eta espetxeko erizaindegian dago

Patxi Ruiz Txantreako presoak egarri greba utzi du baina gose grebarekin jarraituko du; hala adierazi dio bere amari, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak berri eman duenez. Ospitalean bi litro serum sartu diziote eta alta boluntarioa eskatu ondoren, Murtzia II espetxeko erizaindegian dago, kartzela kanpotik itzultzean koronabirusaren prebentziorako protokoloa aplikatu diotelako.

NAIZ|2020/05/22
Elkarretaratze
Patxi Ruizekin elkartasunez elkarretaratzea egin zuten atzo Donostian. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

Patxi Ruiz Txantreako presoa atzera Murtzia II espetxean dagoela jakinarazi du 20.30ean Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak. Atzo gauean Virgen de la Arrixaca ospitalera eraman zuten, gose eta egarri grebaren 11. egunean. Ohar batean azaldu duenez, ospitalean bi litro serum sartu dizkiote, eta amaren bisita jaso ahal izan du. Alta boluntarioa eskatu ondoren, kartzelara eraman dute berriro eta erizaindegian ingresatu, espetxe kanpotik itzultzean covid-19 gaitzaren prebentziorako berrogeialdia aplikatu diotelako.

Iruindarrak bere amari esan dionez, hemendik aurrera egarri greba utziko du baina gose grebarekin jarraituko du. Espetxean seruma jasotzeari uko egin dio, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduaren arabera.

Osteguneko 23.00ak inguru ospitaleratu zuten Ruiz, Mulako epaitegiaren aginduz eta «kartzelaren eskariari jarraiki, bere bizitza arriskuan zegoelakoan». Espetxe Zuzendaritzak ere baieztatu du, berri agentzien bitartez, eta «bere gogoaren kontra» eraman zutela adierazi du.

Txantrearrak kartzelako osasun baldintzak salatzeko protesta batean parte hartzeagatik funtzionarioek eginiko mehatxuak salatzeko hasi zuen gose eta egarri greba.

Mobilizazioak

Mobilizazio ugari deitu ditu egun hauetan Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak; tartean zenbait lagunek baraualdiak egiten ari dira.

Preso ohi batzuek, beren aldetik, mobilizazioa deitu dute Donostian larunbat honetan, 20.30ean Alderdi Ederretik abiatuta. Espetxeak euskal agertoki politikotik desagertu behar duela aldarrikatuko dute.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK

 

 

NAIZ
Loading player...


Koronabirusaren krisiak kaltetutako taldeei laguntza ekonomikoa eman eta euskal musikaren industria babestu eta kulturari egiten dion ekarpena balioan jarri nahi du NAIZ Kontzertuak ekimenak.

Elene CARRETO - FOKU
Loading player...


Konfinamenduaren erronketako bat da geure buruak eta gorputzak zaintzea. Bide horretan, NAIZek zumba saioak eskainiko ditu egunero, astelehenetik ostiralera, Elene Carreto dantzari durangarraren eskutik.