Beasaingo ospakizun inprobisatuak zalaparta sortu du, bai eta autokritikak eta dimisio bat ere

Sare sozialetan zalaparta sortu du irudiak: gazte multzo handi bat distantzia neurriak gorde gabe dantzan eta farola batera igotzen ibili zen ostiral gauean, Beasaingo Loinatz jaien hasiera zela eta. Barkamena eskatuz oharra bidali dute. Parte hartu zuen EH Bilduko zinegotzi batek dimisioa eman du.

NAIZ|2020/05/23
Beasain
Loinatz jaietako «Mariren Jaitsiera» zalapartatsua Beasainen. (GARA)

Duela hilabete Beasaingo Loinatz jaiak bertan behera uztea debileratu zuen bertoko udalak, baina ostiral gaueko 22.00ak inguruan ezohiko Mariren Jaitsiera batekin ospatu dute bertoko herritarrek. Farola baten inguruan dantzan, irrintzika eta kantuan, distantzia soziala deritzon hori errespetatu gabe, Beasaingo jaiei hasiera eman ohi dien «akelarre» inprobisatua izan da ostiral gauean herriko Zaldizurreta auzoan eta horrek zalaparta sortu du berdin herrian bertan nola kanpoan ere.

Bolbora bezain azkar, sare sozialen bitartez gazte beasaindarrek inprobisaturiko jaien hasiera berehalako baten ikusi ahal izan da. Hamarka gazte aritu dira «akelarre» berezi hortan harik eta Ertzaintzaren patrullak iritsi eta taldea pixkanaka desegin den arte.

Hori gutxi ez eta, partehartzaileen artean, farola gainera igota gainera, EH Bilduko zinegotzi bat ere bertan izan da. Hala, herriko alkate PNVko Aitor Aldasorok «ikusitakoaren aurrean auzo lotsa» sentitu duela adierazi du, «gainontzeko herritarren aurrean erakutsiriko errespetu falta dela-eta». Alkatearen ustez, «herritarren %98 edo %99ak jaietaz gozatu nahiko luke, baina ezin du. Jendea zein egoeratan gauden jabetzen da eta bere horretan eustea erabakitzen du». «Arduragabekaria» onartuz gaur goizean bertan dimisioa eman du Maddi Imaz zinegotziak, bai eta herriari barkamena eskatu ere, EH Bilduk txio honetan baieztatu duenez.

 «Bart gertaturikoak ez dauka izenik», jarraitu du larunbatez Aldasoro alkateak. Hala ere, «herritarrek jazotaoa gertakari puntualtzat har dezaten lasaitasun deia» bideratu du, «hurrengo egunetan jendeak dagokion erantzunkizunez joka dezan baliagarri izan dadila».

Beasaingo EH Bilduk koalizioaren herriko Twitterreko kontuan azpimarratu du «arduraz jokatzea beti da ezinbestekoa, baina are gehiago covid-19a dela-eta bizi dugun egoeran. Beraz, gure taldeko zinegotzi batek bertan parte hartu izana ez da onargarria. Horregatik ontzat ematen dugu bere dimisioa».

Ertzaintza, bestalde, jai inprobisatuan parte hartu zutenak identifikatzeko lanetan hasi da eta hala, identifikazioa gauzatuz gero Alarma Egoera hausteagatik salaketa jarriko duela iragarri du. Hala, Maddi Imaz zinegotzi ohiak salaketa jaso du dagoeneko Ertzaintzarengandik, espainiar ajentziek zabaldu dutenez.

Horrez gain, Beasaingo Udal  Bozeramaileen Batzarrak «zaintza zorroztea» erabaki du eta herritarrei «arduraz jokatzeko» deia zabaltzea hurrengo jai egunetara begira.

Barkamen eskaria

Kontuak hartu duen neurria aintzat hartuta, ostiral gauean Zaldizurretan elkarturiko gazteek Beasaingo herritarrei zuzendutako oharra kaleratu dute, barkamena eskatuz eta «gertatutakoaren ardura osoa» beren gain hartuz.

«Lehenik eta behin, barkatu. Ezin dugu besterik esan. Ostiral gauean gertatutakoaren ardura guztia gain hartzen dugula helarazi nahi dizuegu, bertan parte hartu genuenak damututa aurkitzen garelako».

«Asko zarete egoera ez-ohiko honen aurrean arduraz jokatu izan duzuenak, eta gure arduragabekeriaren aurrean barkamena eskatu nahi dizuegu, bihotzez».

«Gertatutakoak ez du justifikaziorik eta gelditzen zaigun bakarra belarriak jaitsi eta barkamena eskatzea da, baita aurpegia ematea ere. Festa giroan eta pote batzuk gainean egoera eskutatik joan zitzaigun, covid-19ak eragindako egoera honen kontzientzia erabat galduz».

«Jada berandu da egindakoa konpontzeko, ezin baita gertatutakoa ezabatu. Eta honen aurrean horrelako gehiagorik gertatuko ez dela ziurtatzea besterik ez zaigu gelditzen. Beasaingo herriaren izena ez zikintzea eskatzen dugu, herritar guztiek ez baitute horrela jokatu. Halaber, esan beharra daukagu, gure gurasoek ondo hezi izan gaituztela eta uneko beroaldia izan dela gailendu dena. Beraz, gu epaitu nahi bagaituzue eskubide guztia izango duzue, baina gure gurasoak ez dute atzo gertatutakoarekin zerikusirik».

 

NAIZ KONTZERTUAK
Loading player...


Bederatzi talde, bost Euskal Herriko areto... Denboraldi honetako NAIZ Kontzertuen unerik onenak.