NAIZ

Institutuen %20ak baino ez ditu ateak ireki EAEn, ikasle kopuru txikiarekin

Ikasgeletareko itzulera «normaltasunez» joan dela adierazi du eguerdian Lakuako Hezkuntza sailburu den Cristina Uriartek. Interneten bidezko irakaskuntzan «ahalegin handia» egin bada ere –ikasle, irakasle eta gurasoen partetik– hainbat kasutan irakaskuntza presentziala ere ezinbestekoa dela ziurtatu du, ikasturtea behar bezala amaitzeko.

Ikasleak, burubelarri Donostiako Axular Lizeoan. (Gorka RUBIO | FOKU)
Ikasleak, burubelarri Donostiako Axular Lizeoan. (Gorka RUBIO | FOKU)

«Egun oso berezia eta garrantzitsua da guretzat eta hezkuntza komunitate osoarentzat», nabarmendu du ezer baino lehenago Cristina Uriarte Lakuako sailburuak, gaur goizean ehunka eta ehunka ikasle eta irakasle DBHko 4. mailatik aurrera ikasgeletara itzuli ostean.

Goiza «normaltasunez» joan dela adierazi du Hezkuntza arloko arduradunak, hala ere, soilik institutuen %20ak ireki ditu ateak EAE deseskalatzearen 2. fasean sartu den egunean, batxilergoko eta DBHko laugarren mailako ikasleekin. Bestalde, Lanbide Heziketako zentro «gehienak» ireki direla esan du Uriartek. Covid-19aren aurkako segurtasun neurriak hartu direla ekarri du gogora; maskarak jantzita eman dituzte klaseak irakasle zein ikasleek.

Ikastetxeetara joan diren ikasle eta irakasleen kopuruari dagokionez, «poliki-poliki bueltatzen ari dira», aipatu du bakarrik Uriartek eta, hala, ikastetxeetako jarduera presentziala handituz joango dela datozen egunetan.

Bi hilabete baino gehiago pasa dira ikastetxeak hustu eta itxi behar izan zituztenetik, eta tarte honetan on-line irakaskuntza emateko «ahalegin handia» egin dela ziurtatu du Cristina Uriartek, ikasle, irakasle eta gurasoen inplikazioa ere txalotuz. Hala ere, hori ez dela kasu guztietan nahikoa izaten erantsi du: «Irakaskuntza presentziala ezin du ordezkatu».

Jada berriz ikastetxeetan direla, zenbait ikaslek behar duten «laguntza honekin ikasturtea ondo bukatzea espero dugu», esan du sailburuak. Lanbide Heziketan izan du jarraipen handiena itzulera honek, bai eta Selektibitatea prestatu beharrean dauden Batxillergo bigarren mailako ikasleen aldetik.