Amaia Ereñaga

Ateak ireki aurretik, Kukairekin online txango bat proposatu du Bilboko Arte Ederretako Museoak

Pandemian museoak sekula baino aktiboagoak bihurtu dira sare sozialetan. Gelditzeko iritsi den ‘iraultza’ baten antzekoa izan da eta, horren adibide, Bilboko Arte Ederretako Museoak gaur luzaturiko ‘gonbidapena’. Museoak datorren astelehenean zabalduko baititu berriz ateak, baina gaur, 20.00etatik aurrera, ‘Txango bat’ proposatuko digu bere YouTubeko kanalean. Gidariak, Jon Maya, Kukai taldea eta Kirmen Uribe.

Jon Maya koreografoa, Nora Sarasola (BBKren Gizarte Ekintzaren zuzendaria), Miguel Zugaza (Arte Ederretako zuzendaria) eta Bingen Zupiria sailburua. (Luis JAUREGIALTZO /FOKU)
Jon Maya koreografoa, Nora Sarasola (BBKren Gizarte Ekintzaren zuzendaria), Miguel Zugaza (Arte Ederretako zuzendaria) eta Bingen Zupiria sailburua. (Luis JAUREGIALTZO /FOKU)

Covid-19 eritasunak eragindako osasun krisiaren ondorioz sortutako ekimen digital sorta bat gorpuztuko dira gaur iluntzean Arte Ederretako YouTube kanalean estreinatuko den dokumentalean. Alde batetik, konfinamenduan BBK-k bultzaturiko hainbat ekimen digital, hala nola bere Bilboko BBK aretoan burutu den kontzertu sorta (larunbatean azkena egingo da, Gatiburekin) eta, are gehiago, haurrei begira prestaturiko ‘ARTEArekin kontatu nahi dizugu’ ekintza didaktikoa.

Lehena 57 herrialdeetatik jarraitua izan da; haurren ekintzak, bestalde, Bizkaiko 7.000 familia baino gehiagora iritsi da, Nora Sarasolak, BBKren Gizarte Ekintzaren zuzendariak aipatu duenez.

Bestalde, BBKk eta Bilboko Arte Ederren Museoak ekoitzitako dokumentala. Kirmen Uribe idazleak, museo beraren funtsaren inguruan, eraikitako ‘ABC. Bilboko Museoaren alfabetoa’ erakusketan konfinamendu garaian egindako txango bat berreraikitzen du eta hain justu, izen hori hartu du dokumentalak,  ‘Txango bat’.

Ederra da oso, kitzikagarria, egun latz horietan Jon Mayak ‘kozinatutako’ proposamena. Uribek proposatutako bidaia kontzeptuala berrinterpretatzen duelako dantzaren, musikaren (Maite Larburu eta Carlos Taroncher) eta kantuaren bidez. Museoa itxita egon den bitartean grabatu dute, beraz, Kukaikoak lehenak izan dira, modu metaforiko batean, museoan sartzen.

Museoko zuzendariak, Miguel Zugazak, aipatu duen bezala, «urgentziazko» lan honekin «bisitariak etor daitezen bultzatu nahi dugu. Museoa berreskuratu nahi ditugu gorputzentzat eta baita espazioa artearentzat». 

Gaur estreinatuko dute emanaldia, 20.00etan, Bilboko Arte Ederretako YouTubeko kanalean. Eta aperitifa izango da, hurrengo astelehenari begira. Miguel Zugazak aipatu duenaren arabera, museoak ordutegia luzatuko du eta bi sarbide izango dira. Bisitaldiak, gainerako museoetan bezala, musukoekin eta tenperatura hartuta sartuko dira.

Antzokiak, ekainaren 8tik aurrera

Ekainaren 1 eta 2aren artean zabalduko dituzte berriz ateak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako museo pribatuak eta publikoak, %50ko aforoarekin (Madrilek %30 aurreikusten zuen arren). Museo guztien arteko koordinazioa eta lankidetza azpimarratu du Bingen Zupiriak, Lakuako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak.

Orain, hurrengoan, antzokiak izango dira ateak zabaltzen. Noizko? Sailburuak ekainaren 8a eman zuen eta baita %50ren aforoarekin.

Bertan behera, Getxoko Jazz jaialdia

Albiste onak, beraz, batzuentzat. Ez hain onak beste batzuentzat. Esaterako, Getxo Kultur Etxeak iragarri berri du udako bere ohiko egitaraua bertan behera uztea erabaki duela Covid-19aren erruz. Horren ondorioz, irailaren 15era arteko ekitaldi guztiak bertan behera geratu dira, horien artean 44. Nazioarteko Jaialdia eta 19. Komiki Azoka. Horiez gain, Nazioarteko Folklore Jaialdia, Habanera Jaialdia, Getxo Magik magia jaialdia eta Letren Terraza (udako liburutegiak) ez dira egingo.