NAIZ

Lau hildako eta PCR bidez 21 positibo berri zenbatu dira Euskal Herrian azken orduetan

Koronabirusa zuten hiru pertsona hil dira EAEn azken orduetan, ostegunean baino bat gehiago, eta PCR bidez 7 positibo berri erregistratu dira, aurreko buletinean baino 2 gehiago. Nafarroak, 14 positibo berri eta hildako batekin, Euskal Herriko daturik txarrenak ematen jarraitzen du.

Sanitarioek PCR testak egiten dituzte Zarauzko anbulatorioan. (Gorka RUBIO/FOKU)
Sanitarioek PCR testak egiten dituzte Zarauzko anbulatorioan. (Gorka RUBIO/FOKU)

Lakuako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoak covid-19aren inguruan bizi duen egoera epidemiologikoa eguneratu du eta ostegun honetan hiru pertsona hil zirela eta PCR test bidezko 7 kasu atzeman zituztela jakinarazi du, 6 Bizkaian eta 1 Araban, hain zuen ere.

Zazpi egun eta gero atzo Gipuzkoan positibo berri bat detektatu eta gero, herrialdeak ez du covid-19 kasu berri bakar bat ere erregistratu azken orduetan.

Osasun Sailak ostiral honetan jakitera eman duenez, pandemia hasi zenetik 1.531 pertsona hil dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, hau da, atzo zabaldutako datua baino 18 gehiago.

Nekane Murgak zuzentzen duen sailak ziurtatu duenez, hildako kopuruan erregistratutako «desfase txiki» hori «klinika pribatuetan hildakoen kopurua jakinarazteko eta eguneratzeko arazo batek eragin du nagusiki».

Osasun Sailak guztira 3.702 proba egin zirela (2.503 PCR eta 1.199 test laster) jakinarazi du. Test azkarraren bidez, aldiz, 50 kasu detektatu ziren. Proba horren bidez, immunitate hartua edo pertsona batek sortutako antigorputzak neurtzen dira eta infekzioa igaro dela adieraz dezakete.

Ospitalen egoeraren inguruan, Lakuak 25 pertsona ZIUn daudela jakinarazi du, aurreko egunean baino hiru gutxiago.

14 positibo berri eta hildako bat Nafarroan

Nafarroan, azken orduetan, 14 kasu berri zenbatu dira PCR bidez baieztatuta, ostegun honetan baino lau gutxiago. Guztira, 5.278 pertsona kutsatu dira herrialdean.

Beste heriotza bat erregistratu du Nafarroako Gobernuak, eta orotara 515 pertsona hil dira koronabirusaren ondorioz.

Nafar Gobernuaren datuen arabera, 69 pertsona daude ospitalean, azken 24 orduetan baino bost gutxiago. Horietatik 56 plantan daude -lau gutxiago-, 10 ZIUn -bat gutxiago- eta hiru etxean.

Osasun-arloko langileen artean, lau alta erregistratu dira; beraz, kasu aktiboen kopurua 51 da, aurreko egunean baino lau gutxiago.