Gasteizko Batera zaintza sarea osasun krisiak egoera zaildu dien familiei laguntza eta baliabideak eskaintzeaz arduratu da azken hilabete eta erdian. «Baterak kolektiboaren beharrizanetan pentsatuz, sarean lan egiteko modu bat ekarri du», nabarmendu dute larunbat eguerdian Gasteizko Plaza Berrian egindako agerraldi jendetsuan. 2.500 boluntariok jardun dute lan horretan, eta agerraldian iragarri dute fase hau amaitutzat ematen dutela, nabarmendu badute ere auzoetan antolatzen jarraituko dutela «inoren zain egon gabe», «bizilagunekin sareak sortzen».
Bestalde, modu sinbolikoan, azken bi hilabete eta erdian «etengabe» deiak jaso dituen Bateraren telefonoa «eta berak dakarren ardura» eskaini diote Gorka Urtaran Gasteizko alkateari, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiarekin «konpartitu dezan». Izan ere, Baterako kideen esanetan, gizarte zerbitzuek ez diete erantzun osasun krisiaren bueltan sortu diren beharrei eta beraiek, zaintza langile profesionalen lana ordezkatzeko asmorik gabe, Baterarekin kontaktuan jarri diren herritarren beharrak asetzen jardun dute sarean.
🌱 Gaurkoan, BATERAren telefonoa eta horrek dakarren ardura, Gorka Urtaran alkate jaunari pasa nahi diogu, Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiarekin konpartitu dezan noski pic.twitter.com/VyVfiauzEi
— Batera zaindu (@BateraZaindu) May 30, 2020
Aipatu dutenez, «pertsona eta bizitza» ugari ezagutu dituzte ibilbide horretan, «behar eta arazo anitzak», jendearen laguntza eskaerak bezain beste: langabezia, elikagaien falta, etxegabetzeak edo oinarrizko beharren falta izan dira sarearen telefonoak jaso dituen deien arrazoietako batzuk.
Hala, nabarmendu dute «ordua dela» instituzioak euren gain hartzeko egoera hauek guztiak konpontzeko ardura, eta salatu dute zaintza lanei, beharrezkoak diren arren, ez zaiela merezi duten errekonozimendua ematen.