Jon Ormazabal

Krisi hirukoitzaren aurrean «erantzun berrien garaia» dela aldarrikatu du Maddalen Iriartek

Ziurgabetasun eta kezka testuinguruan  egingo diren hauteskundeetan «baldintzak direnak izanda ere», EH Bildu «prest» dagoela adierazi du «krisiei erantzuteko Estatu bat izata ezinbestekoa» dela nabarmendu duen koalizio subiranistaren lehendakarigaiak Oñatin.

Jasone Agirre (Bizkaia), Maddalen Iriarte (Gipuzkoa) eta Mikel Otero (Araba), EH Bilduren zerrendaburuak Oñatin. (EH BILDU)
Jasone Agirre (Bizkaia), Maddalen Iriarte (Gipuzkoa) eta Mikel Otero (Araba), EH Bilduren zerrendaburuak Oñatin. (EH BILDU)

Koronabirusaren ondoren eratorri diren hiru krisien aurrean; osasunarena, ekonomikoa eta psiko-soziala, «erantzun berrien garaia» dela eta EH Bildu egoera horiei aurre egiteko «prest» dela aldarrikatu du Maddalen Iriartek Oñatin izandako ekitaldian. Jasone Agirre eta Mikel Otero, Bizkaia eta Arabako hautagaiekin batera egindako hitzaldian, koalizio subiranistaren lehendakarirako hautagaiak nabarmendu duenez, «herri bezala aritzeko unea da. Horregatik diogu ezkerreko eskuz eta burujabetzatik eraiki behar dugula herri hau. Krisi honek hori ere argi utzi baitu, krisiei erantzuteko Estatu bat izatea ezinbestekoa dela».

Azken hilabeteetan herritarrek bizi izan duten min eta kezkekin bat egin ondoren, Maddalen Iriartek zalantzez betetako etorkizunean jarri du begirada eta jendartearen bizimodua hobetzeko aurkeztuko dituzten neurriez harago, hauek egiteko moduari ere garrantzia eman die. «Hurbiltasun eta enpatiaz irtenbideak» eskaintzerako orduan Oñati, Azpeitia, Errenteria, Arrigorriaga edo Galdakao bezalako herrien ereduak goraipatu ostean, uztailaren 12an izango diren hauteskundeetan ere jarri du begirada. «Baldintzak direnak direla ere, prest gaude», azaldu du Iriartek.

 

«Lehendakaria, bakarrik eta ahituta»

«Lehendakaria, ordea, bakarrik eta ahituta ikusten dut, inertziaz ari da, autokritikarako gaitasunik gabe eta akatsak berezkoa duen harrokeriaz tapatzen. Uste dut garai berri honek beldurra duten pertsonekin, arduratuta daudenekin, lana gal dezaketenekin, Hezkuntza Sailak erakutsitako kontrol ezarekin haserretuta daudenekin edo Osakidetza sendoago bat eskatzen duten  ezker esku izatea eskatzen duela eskatzen duten horiekin guztiekin ezker eskuz aritzeko unea dela uste dut», gaineratu du.

«Garai berriak» irekitzen diren honetan, Iriarteren ustez «ez genuke zaharkitutako politikei eta lehenaldiko inertziei eusten jarraitu behar. Garai berri honek lidergo berriak eskatzen ditu, adostasun berriak, denon artean eta denontzat, hau da, kultura politiko berri bat».

Ziurgabetasun garaiotan «irtenbideak eta ziurtasuna» eta beldur eta kezkei «enpatia eta gertutasuna», horiexek dira EH Bilduren erantzunak Iriarteren ustez, «normaltasun berria deitu dioten garai honetan, politika errezeta zaharrak hil egin direlako.