Kronika
 
Kultura gizartearen erdigunean kokatuz

‘Eta orain zer?’ hitzaldi zikloa antolatu du Kutxa Fundazioak osasun krisiaren ostean gelditzen zaigun gizartearen inguruan gogoeta egiteko. Oraingoan kulturari buruz mintzatzeko txanda iritsi da, eta horretarako Santi Eraso, Claude Bussac eta Asier Mendizabal izan dituzte gonbidatu.

Nagore BELASTEGI|2020/06/03
Mendizabal
Asier Mendizabalek muntatu izan duen erakusketetako bat.(Jagoba MANTEROLA / FOKU)

Internet bidezko solasaldia egin dute Santi Eraso kultur kudeatzaileak, Claude Bussac Leioako kirol eta kultura La Fabrika zentroko zuzendari nagusiak eta Asier Mendizabal astistak Kutxa Fundazioak antolatutako ‘Eta orain zer?’ hitzaldi sorten barruan. Beraiei egokitu zaie kulturak gizartean duen paperaren inguruan mintzatzea.

Hala, Edurne Ormazabalek, Tabakalerako zuzendari orokorrak, gidatuta, Santi Erasok esan du azken hilabeteetako egoerak aukera bat eman digula kulturan harreman demokratikoagoak sortzeko. Alegia, kultura gure bizitzen erdigunean kokatu dugu osasun krisan zehar eta bide horretatik jarraitzea ideia ona iruditzen zaio. Hala ere, ez da oso baikorra eta uste du aurreko krisialdian bezalaxe, eta hartzen ari diren erabakiak kontutan hartuz, laster aurretik genuen egoerara itzuliko garela.

«Ikusi dugu kultura gure bizitzaren parte dela, eta eszenatoki hori aprobetxatu beharko genuke kulturak duen funtzio sozialaren analisi kritiko bat egiteko. Orain arte kultura trukerako balio bat izan da, eta ez guztientzat eskuragarri egon beharko luken zerbait», aipatu du.

Hori horrela, uste du instituzio publikoek lehentasuna zein sektoreei eman erabaki beharko dute izango dituzten «errekurtso eskasak» banatzerako orduan. Bere ustez, kultura sustatzeko modu bat sorkuntza zentralizatzea eta elkarlana bultzatzea litzateke. «Donostia bezalako hiri txiki batetan, adibidez, erraza da kolaborazioak martxan jartzea enpresa txikiekin zein kultur etxeekin», adierazi du.

Hartu beharko genuken beste neurri bat, berarentzat, «ekologia kulturala» da, hau da, «gutxiago egin baina hobea, proiektu bakoitzari denbora gehiago eskainiz».

La Fabrika instituzio pribatua izanik, Claude Bussacek onartu du sektore pribatua ez dela espero den bezain dinamikoa, baina horretarako sektore publikoak aurrea hartu behar duela. «Uste dut kulturak babes publikoa izan behar duela. Ez da ekonomikoki etekinak ematen dituen sektore bat, beste mota bateko etekinak ematen dituena baizik. Sektore publikoa oso zurruna da eta ez du sortzaile profesionalen lanaren duintasuna kontutan hartzen, artistak ezin du arteaz bizi. Sektore publikoa ahulduta badago, sektore pribatua ezin da indartu», kontatu du.

Bere ustez, kultura indartzeko hiru pauso dira garrantzitsuak: ekoizpen artistikoa sustatzea; ondare material eta ez materiala babestea; eta publiko berriak sortzea. Azken pausoari dagokionez, Europako ekialdeko herrialdeak aipatu ditu. «Antzokiak bete egiten dira etxe guztietan dagoelako biolina edo pianoa jotzen duen norbait. Kultura sakonduta dute», esan du. Sektore publikoaren laguntza ezinbestekotzat jotzen du, eta uste du horretarako paradigma aldaketa bat behar dela. «Ondamendi batera goaz zuzenean. Kultura gure balioen erdigunea izan beharko luke, baina horren ordez ekonomia da. Enpresek kultura baloratu beharko lukete erdigunean kokatu ahal izateko», zehaztu du.

Asier Mendizabalek, berriz, onartu du kulturak bizi duen prekarietatea ez dela endemikoa, hau da, langile guztiek jasaten duten zerbait dela. «Egoera kaskarrean gaudenean kultura alde batera utzi izateari ohitu gara, beste sektore batzuk direlako ezin bestekoak. Orain, adibidez, ikusi da turismoa, ostalaritza eta zerbitzuak direla estrategikoak, orain arte hala izan ez den arren. Arazoa da egoera ona denean kultura prekarioa izaten jarraitzen duela…», azaldu du.

Bestalde, bere ustez itxialdian kultura hain garrantzitsua bilakatu izatea ez duela zertan baikorra izan behar, etxean gaudenean «ez aspertzeko» erabili dugun zerbait izan delako eta beste motatako balioa emateko aukera galdu delako.

 

ARGAZKI GALERIA
Gaizka PEÑAFIEL | FOKU


Mungiako laukoteak NAIZ Kontzertuak ekimenaren seigarren gaua erre zuen ostirala gauean. Sanagustin Kulturunea, eliza zaharra musikari emana. Rock-ak: 1 - Jainkoak: 0. Ibilbide labur baina sakonean sortutako klasiko eta kaleratzear dauden abestientzako lekua egon zen; hori bai, kanta zaharrak edo ezagunak soineko berriekin aurkeztuta.