Kapitalari egungo krisia berak ordain dezala exijitu dio Sortuk Bilboko erdialdean

Iberdrolaren etekinak Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitzara modu sinbolikoan eraman ostean, Arkaitz Rodriguezek adierazi du ez dela egungo ordena sozial eta ekonomikoaren berreraikuntza garaia, «bizitza eta zaintza erdigunean jarriko dituen eredu sozial eta ekonomiko» bat sortzearena baizik.

NAIZ|2020/06/06
Sortu
Bilboko erdigunean Sortuk antolaturiko mobilizazioa. (Aritz LOIOLA / FOKU)

Iberdrolaren etekin izugarriak modu sinbolikoan Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitzara eramanaz, enpresa eta fortuna handiei krisia eurak ordaintzeko exijitu die Sortuk Bilbon egindako elkarretaratzean. «Krisia kapitalak ordain dezala» lelopean, Iberdrola Dorretik abiatu da manifestazioa, bi ilaratan, eta Plaza Biribilerainoko ibilbidea egin du, bidean, urtero etekin handiak eskuratzen dituzten enpresak seinalatuz; Inditex, Banco Santander, Kutxabank eta BBVA, esaterako.

Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean, Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak sakoneko eraldaketaren premia nabarmendu du. «Hemen gaude esateko ez dugula inolaz ere onartuko krisi hau betikoek ordaintzea; krisi hau kapitalak ordaindu behar duela. Eta horretarako, gehiengo zabalaren aldeko neurriak behar direla, ez gutxiengo pribilegiatuaren aldekoak», adierazi du.

Txaloak inbertsio bilakatu

«Ongi dago pandemiaren aurkako borrokan lehen lerroan egon diren langile guztiak balkoietatik txalotzea, baina orain haiei egindako esfortzua itzultzeko garaia da, lan baldintza duinen bidez, eta zerbitzu publikoetan inbertituz. Hemen gaude esateko behar duguna ez dela egungo ordena sozial eta ekonomikoaren berreraikuntza, haren eraldaketa sakon bat baizik, bizitza eta haren zaintza erdigunean jarriko dituen eredu sozial eta ekonomiko bat baizik», esan du.

Sortuko idazkari nagusiaren esanetan ez dago orain arteko normaltasunera itzultzerik: «Normaltasun horren berreraikuntza da behar duguna, bizitza eta haren zaintza erdigunean jarriko dituen zibilizazio alternatibo baten eraikuntza. Zaldibarren ikusi genuen bezala, eta krisi honetan ikusten ari garen bezala, kapitalaren eta irabazi pribatuaren logikak agintzen duenean, pribatizatzen eta prekaritzatzen denean, eta erakundeek berau zaintzeko ardurari ihes egiten diotenean, bizitzak atzera egiten du, desagertzen ez denean».

«Horretarako Euskal Herriak burujabetza behar du. Ez gara adin txikikoak eta ez gaude ezinduak inork gure ordez erabaki behar izan dezan. Ez gara inor baino gehiago, baina ezta gutxiago ere. Eskubide osoa daukagu erabakiak gure kabuz hartu ahal izateko. Eta erabakitzeko ahalmena, botere politikoa behar dugu, lan harremanak, pentsioak eta abar luze bat hemen erabaki ahal izateko», gaineratu du.

Amaitzeko, Rodriguezek onartu du aldaketa ez dela erraza izango, «boteretsuak boteretsu direlako oso, eta ez daudelako prest euren pribilegioen parte txiki batean ere amore emateko. Baina ez daukat zalantzarik irabaziko dugula».

 

NAIZ KONTZERTUAK
TAOM / FOKU
Loading player...


NAIZ Kontzertuak ekimenaren bosgarren kontzertua eman zuen ETS taldeak pasa den ostiralean Bilboko Santana 27 aretoan.