Ganbila antzerki bildumak bigarren labealdia aurkeztu du

Susa argitaletxeak EHAZE elkartearekin batera sustatzen duen Ganbila antzerki bildumak lan berriak argitaratu ditu, iazko neguan lehen zenbakiak kaleratu ondoren. Eneritz Artetxeren ‘Isiltasuna’, oraindik taularatu ez dena, Kepa Errastiren ‘Mami Lebrun’ arrakastatsua eta Galder Perezen ‘Hiru geltoki lurrun’ dira uztaren aleak.

Oihane LARRETXEA|2020/06/09
Ganbila
Ezker eskuin, Kepa Errasti, Eneritz Artetxe eta Galder Perez gaur, Bilbon. (Luis JAUREGIALTZO I FOKU)

Antzerkigintzari hauspoa eman asmo duen Ganbila antzerki bildumak bigarren labealdian kaleratu dituen lanen berri eman du astearte honetan. Oholtzan begiez ikusten dena memorian gordetzen da, eta denborarekin obrak utzitako zaporea eta sentsazioak gelditzen dira. Hitzak, ordea, paperean jasoak direnean beste erritmo batean irentsi daitezke eta, akaso, uzten duten arrastoa ere ezberdina izango da. Hitzak ezin ditu haizeak eraman.

Transmisioaren katea ez eteteko liburuek duten garrantziari erreparatzen badiogu, antzerki obra bat liburura eramateak berebiziko eragina izan dezake. Eta badu. Horretaz mintzatu da Oier Guillan, Susa argitaletxeak EHAZE-Antzerkizale elkartearekin batera sustatzen duen Ganbila bildumaren koordinatzailea. Bilbon izan da aurkezpen ekitaldia astearte honetan. «Antzerkia jasotzen duen liburua da makulu bat transmisiorako», ohartarazi du, nahiz eta onartu ez dela «definitiboa», esan du.

Eneritz Artetxe aktore eta antzerkigilearen aburuz, testu propioak liburu batean jasota ikusteak «zure buruari balore pixka bat emateko balio du, ahalduntzeko baita ere, neurri batean», esan du aurkezpenean. Duela urte eta erdi idatzi arren, oraindik taularatu ez den ‘Isiltasuna’ obra jaso du liburuan Ganbila bildumak. Emakume bat da protagonista, antropologoa da. «Beste pertsonaia batzuk badaude, baina ardatza emakumea da, bere bizitza eta pentsaera. Pertsonaia honek eman dit aukera hainbat gai jorratzeko: adiskidetasuna, amatasuna, dibortzioa, feminismoaren gaineko ikuspuntu jakin bat, umeen gaineko indarkeria ezkutua…», aipatu ditu. Artetxek badu antzokietan ikusteko nahia, «uste dudalako baduelako interesa jorratzen dituen gaiengatik eta proposatzen duen estetikagatik», esan du.

Egileak berak aurreratu duenez, ‘Isiltasuna’ egitura aldetik «ez da klasikoa». Emakume protagonistaren bizitza publikoaren eta pribatuaren bueltan dago egituratuta. Zera interesatzen zaio Artetxeri: batzuetan bi bizitza horiek bat egiten dutela eta besteetan kontradikzioan daudela. Bi plano horiekin jostatu da.

Ale berean dator Artetxerena den ‘Karramarroa’ (Dxusturi Teatroa), hau, bestea ez bezala, duela hiruzpalau urte pasa zen oholtzatik. Bakarrizketa «demoledorea da», Guillanen hitzetan. Batak bestearekin zerikusia ez duen arren, bi lanak elkarren ondoan ikustea «interesgarria» dela iruditzen zaio aktoreari, lantzeko prozesua oso oso ezberdina izan delako eta begi bistan gelditzen delako liburura eramatean. «‘Isiltasuna’ nire gelan eta balkoian idatzi nuen; ‘Karramarroa’ lanak berriz oso sortze prozesu konplexua izan zuen, taula gainean ginela inprobisatzen hasi ginen», gogoratu du.

Kepa Errastik idatzia, arrakasta handia batu du ‘Mami Lebrun’ (Xake produkzioak) antzerkiarekin 2016ko maiatzean estreinatu zenetik. Bi urte geroago, Donostia Antzerki Saria ere irabazi zuen. Amonaren heriotzak sortutako zirrara pertsonala du fikzioak sorgune. Protagonistaren hildako amonari omenaldia da, ganbaran topatutako gutunetatik tiraka, gaztetan bizi zuen istorio bat kontatzen dute eta, tartean, hainbat gai jorratu: heriotza, dolua, iragana, maite genituen gertukoen memoriaren zaintza…

Euskalkiekin taularatua, Errastik obrarekin «gertatu den guztia» gogoratu du, pozarren. Eta nahi bat plazaratzearren, esan du inork berriro hartuko balu interpretatzeko asmoa, polita litzatekeela beste euskalki batzuetan egitea, «hartzen duen horrek bere egitea».

Antzerkia, literaturaren genero

Badute gauza bat amankomunean Eneritz Artetxe, Kepa Errasti eta Galder Perezek, hiru egileen kasuan lehen aldia izan dela beren obrak liburura eraman direla. Azken honek, gainera, hiru bildu ditu ale berean. ‘Hiru geltoki lurrun’ liburuak ‘Lurrun minez’, ‘Lau metrora’ eta ‘Off the record’ jaso ditu. «Obra idatzita gelditzearen horrek beste erantzukizun bat du eta beldurrak ere ateratzen dira. Gainera, azala eta hitzaurre propioa izateak osotasun itzela ematen dio. Oso gauza polita da, emozionantea», aitortu du, antzerkiak literatura genero bezala duen lekua aldarrikatuz. «Interpretatzeko bakarrik ez, irakurtzeko ere bada», erantsi du.

Nahiz hiru istorio independiente izan, batak bestearekin zerikusirik ez duena, badute zerbait amakomunean: «abiadura handiko hiru drama dira», esan du Perezek. Oso geltoki intimoetan gertatzen dira.

‘Lurrun minez’ lanak maitasun hiruki bat planteatzen du. Hiru pertsonen arteko gaua narratzen du harremanez, botereaz, kontrola eta indarkeriaz mintzatzeko. «Parranda gau honetan min pila bat dago eta denak azaleratuko dira», esan du. Eta minaz ere hitz egiten du egitazko gertaera batean inspiratua dagoen ‘Lau metrora’. Mozal Legea salatzeko tren batean pintaketak egiten ari zen gaztea harrapatu zuen gidariak, orain hiru bat urte… Gaztea ohean dago, bere ama eta tren gidariaren kezkak. «Errua, mina, erantzukizuna, erabaki politikoak… gauza asko entzuten dira gela txiki horretan. Oso potentea da. Protagonistaren kontaktuan jarri nintzen idatzi eta gero, zalantza piloa sortu zitzaizkidan norbaiten bizitza hartu eta taulara eramateko garaian», aitortu du Perezek.

‘Off the record’ antzezlanak ixten du hirugarren liburua. Enpresari batek egindako iruzurretik abiatuta, gaur hain arrotzak ez diren egoerak kontatzen ditu, kartzelara joan beharrean Turismo sailburu izendatzen baitute. Komunikabideen konplizitatea ere tartean dago, jakina. «Politikatik datozen minak dira hauek. Noiz arte jasan behar ditugu?», galdegin du.

 

NAIZ KONTZERTUAK
TAOM/FOKU
Loading player...


NAIZ Kontzertuen bigarren fasea pasa den ostiralean hasi zen, Azpeitiko Sanagustin Kulturgunean Belakoren eskutik.