Taberna, jatetxe eta kirol eta kultur instalazioetako edukiera ezagutzeko app bat sortu dute

EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolako Industria Ingeniaritzako hirugarren mailako ikasle batek eta bi tituludunek merkataritza eta ostalaritzako lokalen eta kirol eta kultur instalazioen edukiera momentuan ezagutu eta kontrolatzeko aplikazio bat sortu dute. Osasun krisiak ezarritako segurtasun neurriak betetzea erraztea da aplikazioaren helburua.

NAIZ|BILBO|2020/06/10
Laura-davila
Laura Davila, YetPlan aplikazioa sortu duen EHUko ikaslea. (EHU)

Bilboko Ingeniaritza Eskolak jakinarazi duenez, menu erraz batean, eta klik gutxi batzurekin, YetPlan izeneko aplikazioak (yetplan.com) aukera ematen du taberna baten okupazio maila ezagutzeko eta terrazan mahai bat erreserbatzeko, adibidez. Aldi berean, espazioa kudeatzeko doako tresna ematen dio negozioaren kudeatzaileari.

«Konfinamendu honetan ikusi dugu eskolan izan dugun prestakuntzak aukera ematen zigula laguntzeko zerbait egiteko. Gure ustez, itxialdiaren ondoren ezarriko diren edukiera mugak kudeatzea oso zaila izango da lokalentzat, baina, gainera, erabiltzaileentzat ere eragozpena izango dira. Beste herri bateko establezimendu batera joateko planak egiten badituzu, hobe izango da arreta emango dizuten ala ez aldez aurretik jakitea, iristean, buelta eman behar ez izateko», azaldu du Laura Davila ikasleak, aplikazioaren sortzaileak. Lucas de Lecea eta Javier Viaña tituludunekin batera garatu du aplikazioa Davilak.

Hiru ekintzaileak Kroaziako beste ingeniari gazte batzuekin harremanetan jarri ziren, haiek antzeko soluzioak garatuak zituztelako, eta horrela ideiaren garapena bizkortzeko eta lehenbailehen ostalarien, merkatarien, elkarte profesionalen edo administrazio publikoen esku jartzeko. Izan ere, hondartzetara, igerilekuetara, museoetara edo aire zabaleko ekitaldietara doazen bisitarien kopurua kontrolatzeko ere erabil daiteke aplikazioa.

Getxoko Udalak dagoeneko interesa agertu du YetPlan aplikazioa erabiltzeko kudeatzen dituen espazio publikoetan.

YetPlan aplikazioa doakoa da, eta oso funtzionamendu erraza du. Alde batetik, lokala erregistratu nahi duten establezimenduek adierazi beharko dute jendearentzako ordutegia, zenbat mahai dituzten eta bakoitzean zenbat bezero eseri daitezkeen, edukiera kontrolatzeko araudiaren arabera.

Bestetik, jendeak erreserba egin ahal izango du, interesatzen zaion lekua (barrualdea, jangela edo terraza), zer ordutan joan nahi duen eta zenbat pertsona joango diren zehaztuta. Modu automatikoan, sistemak datuak erregistratuko ditu, eta lokalera iristerakoan erakutsi beharreko egiaztagiria erakutsiko du. Erreserba ezeztatzeko aukera ere ematen du, ideiaz aldatzen bada edo ezustekoren bat sortzen bada.

YetPlan aplikazioak bilatzailea ere badu. Erregistratutako zein lokaletara joan nahi den berehala lokalizatzeaz gain, jardueren eta udalerrien arabera bilatzeko aukera ematen du eta, horrela, plan ugari antolatzea ahalbidetzen du, betiere lokal, espazio edo instalazioaren okupazioaren eta edukieraren arabera benetako aukera dagoen ala ez aldez aurretik jakinda, eta erreserba eginez.

 

ARGAZKI GALERIA
Gaizka PEÑAFIEL | FOKU


Mungiako laukoteak NAIZ Kontzertuak ekimenaren seigarren gaua erre zuen ostirala gauean. Sanagustin Kulturunea, eliza zaharra musikari emana. Rock-ak: 1 - Jainkoak: 0. Ibilbide labur baina sakonean sortutako klasiko eta kaleratzear dauden abestientzako lekua egon zen; hori bai, kanta zaharrak edo ezagunak soineko berriekin aurkeztuta.