NAIZ

Hurrengo denboraldiaren xehetasunak onartu ditu Espainiako Eskubaloi Federazioak

Asobal Liga irailaren 5ean hasiko da, bi multzoko formatua onartu duen emakumezkoen Ohorezko Maila 12an, eta gizonezkoen Ohorezko B Maila ere bi multzotan banatuko da.

Asobal Liga irailaren 5ean hasiko da ondo bidean (Jagoba MANTEROLA / FOKU)
Asobal Liga irailaren 5ean hasiko da ondo bidean (Jagoba MANTEROLA / FOKU)

Espainiako Eskubaloi Federazioak gaur telematikoki egin duen Batzar Nagusian datorren denboraldiko lehiaketen hainbat xehetasun onartu dituzte.

Federazioak eta Asobalek ostiralean izan zuten bileran adostu bezala, gizonezkoen maila nagusiak multzo bakarra izango du eta irailaren 5ean hasiko da. Aurrez, irailaren 2an Superkopa jokatuko dute Bartzelonak eta Beindormek oraindik zehaztu gabe dagoen kantxa batean.

Kopako azken fasea martxoaren 5etik 7ra jokatuko da eta parte hartuko dutenak azken txapelduna, talde antolatzailea eta Asobal Ligako sei onenak lehen itzuliaren amaieran. Asobal Kopa ere jokatuko da azkenean, nahiz eta datak oraindik ez dituzten ipini.

Gizonezkoen Ohorezko B Mailari dagokionez, lehiaketa hamar taldeko bi multzotan banatuko da. Bakoitzeko bost onenek bigarren fase bat jokatuko dute, ligaxka modura, eta bi onenak Asobal Ligara igoko dira.

Emakumezkoen Ohorezko Mailan ere antzeko sistema erabiliko dute. Hamasei taldeak bi multzotan banatuko dira: lau onenek Liga izango dute jokoan bigarren fasean, aurrez lortutako emaitzak balioan hartuz, eta lau txarrenek jaitsiera ekiditeko borrokan jarraitu beharko dute, lau taldek galduko baitute maila.

Bera Bera eta Zuazo A multzoan daude, Guardes, Malaga, Valladolid, Pereda, Lanzarote eta mailari uko egin zion Alcobendasen ordezkoarekin batera. B multzoan Elche, Gijon, Granollers, Rocasa, Tenerife, Porriño, Morvedre eta Cordoba daude.

Liga irailaren 12an hasiko da eta maiatzaren 29an amaituko da. Kopa, aldiz, apirilaren 23tik 25era jokatuko da betiko formatuan. Gainera, aurtengo udaberrian jokatu ezin izan den Kopa, Alhaurin de la Torren, oraindik jokatzea ez dute baztertzen, irailean edo urrian ahal izatera.

Beste erabaki batzuk ere hartu dira bileran. Asobal Ligan parte hartzeko ez da nahitaez Asobal elkarteko kide izan beharko, adibidez; edota Kopako irudi eskubideak Federazioaren esku geratuko dira.

2019ko kontuak ere onartu dituzte, 25.504 euroko irabaziekin, eta 2020ko aurrekontua ere bai, 10.395.656 eurokoa.