Haritz Larrañaga

Hizkuntza gutxituen aurrean daukan jarrera salatzen duen gutuna zuzenean jaso du Macronek

‘Gure Hizkuntzak Bizi Daitezen’ kolektiboak bilkura bat egiteko eskatzen duen gutuna zuzenean jaso du Emmanuel Macronek. Estatu frantseseko hizkuntza gutxituak babesteko 34 elkartek osatu zuten plataformak (haien artean Euskal Konfederazioa) Jean-Michel Blanquer ministroak ezarritako ‘Lizeoen erreforma’ aldatzeko eskatzen du.

Parisen izan den hizkuntza gutxituen ordezkaritza.
Parisen izan den hizkuntza gutxituen ordezkaritza.

‘Gure Hizkuntzak Bizi Daitezen’ kolektiboko ordezkariek ezin izan dute Eliseoko atea iragan, baina haien ordez,François Alfonsi Korsikako europarlamentaria, Paul Molac diputatu britainiarra eta beste senatari britainiar bati utzi diete pasatzen frantses presidenteari gutun bat helarazi ziezaioten. Estatu frantseseko 34 eragilek osatzen duen kolektiboak bilkura bat eskatu du «hizkuntza gutxiagotuak erasotzen dituen Blanqueren erreforma aldatua izan dadin».

Estatu frantsesean hizkuntza gutxituen alde lan egiten duten 34 elkartek bat egin zuten lehen aldiz iazko azaroaren 30ean mobilizazio bateratu bat egiteko. Ipar Euskal Herrian euskararen alde lan egiten duten hainbat eragile ordezkatzen dituen Euskal Konfederazioak ere bat egin zuen aldarriarekin eta, ondorioz, ‘Gure Hizkuntzak Bizi Daitezen’ (Collectif Pour Que Vivent nos Langues) kolektiboko kide da. 

Deialdi hark erantzun zabala izan zuen. Estatu frantseseko eskualde guztietatik joandako herritarrek hartu zuten parte Hezkuntza Ministerioak Parisen duen egoitzaren aitzinean burutu zen elkarretaratzean eta Blanquerren gabineteak ordezkaritza bat jaso zuen. Manifestarien eskakizunak aztertuak izango zirela hitz eman zuten Gobernu frantseseko ordezkariek, baina kolektiboak salatu duenez «ez zuten hitza bete».

«Hezkuntza Ministerioaren ateak itxita, zuzenean presidentearengana jotzea erabaki genuen», azaldu du Peio Jorajuriak, Seaskako lehendakariak. Izan ere, Seaskako ordezkariak, Euskal Konfederazioa, Euskara Geroan edo Biga Bai elkarteko ordezkariekin batera, gertutik jarraitu ditu azken orduetan eman diren urratsak.

Parlamentarien babesa

«Pasa den astean biltzen saiatu ginen, baina ez genuen lortu, ordea astean zehar parlamentarien sostenguak jasotzen hasi ginen eta jada 100 parlamentarik babesten gaituzte, horri esker onartu dute gure gutuna jasotzea», nabarmendu du Jorajuriak.

Hizkuntza gutxituen aldeko gutunari sostengua erakutsi dioten Pirinio Atlantikoetako ordezkarien artean dira Max Brisson, Frèderique Espagnac eta Denise Saint-Pé senatariak, eta baita Vincent Bru eta Jean Lassalle diputatuak ere.

Blanqueren erreforma delakoak eragiten dituen kalteen artean, batez ere bi nabarmentzen ditu  Euskal Konfederazioak, batetik, Hezkuntza Ministerioak murgiltze sistemari jartzen dizkion oztopoak, eta bestetik, Baxoaren erreformaren ondorioz ikasleek beste hizkuntzak lehenesteko erraztasunak ematen dituztenez, euskarari zailtasunak jartzea.

Elkarrizketarako deia

Besteen artean, 2018eko ekainean Macronek berak esan zituen hitzak oroitarazi dizkiote gutunean presidente frantsesari: «Eskualdeetako hizkuntzek paper garrantzitsua betetzen dute  eskualde bakoitza indartzen duten sustraitzeetan, beraz haien garapena bermatuko dugu».

Gure Hizkuntzak Bizi Daitezen kolektiboaren gutunak aditzera eman duenez, pasa den urtarrilean Hezkuntza ministerioarekin harremanetan jartzen saiatu ziren, baina haien eskaerek ez zuten erantzunik jaso. Hortaz, elkarrizketaren bidea itxita, zuzenean presidente frantsesari zuzentzeko erabakia hartu zuten, «behingoz entzunak izango garenaren esperantzarekin», adierazten du gutunak.

Gutunak salatzen duenez, «urte bat baino gehiago daramagu eskualde guztietako hautetsiekin batera Hezkuntza Ministerioak ezarritako legea zuzentzea premiazkoa dela ohartarazten, baina erreformari ez zaio zuzenketarik egin».

Covid-19ak eragindako osasun krisia apaltzen doan neurrian mobilizazioei berrekiteko prestutasuna erakusten du kolektiboak Macroni helarazi dioen idatzian. «Eskualdeetako hizkuntza eta kulturen gaiak gizarte ereduaren eztabaidan leku bat izatea ziurtatu nahi dugu», azpimarratzen du eskutitzak, eta zera gaineratzen du, «zintzoki espero dugu gurekin elkarrizketak abiatzea, gizartearentzat zinez garrantzitsua den auzia baitago jokoan: bere aniztasun kultural eta linguistikoaren etorkizuna».