NAIZ

28 bertsolarik hartuko dute parte udazkenean abiatuko den Xilaba Bertsulari Xapelketan

Guztira 28 bertsolarik, inoizko kopururik handiena, hartuko dute parte irailaren 19an hasi eta azaroaren 21era arte luzatuko den Xilaba Bertsularien Xapelketan. Hemendik aurrera, taldekako eta bakarkako txapelketa txandaka jokatuko dute, bat urtean.

Larunbat honetan bildu dira Xilabako egitaraua finkatzeko. (XILABA)
Larunbat honetan bildu dira Xilabako egitaraua finkatzeko. (XILABA)

«Covid-19 izena hartzen duen pandemiaren baimenarekin», Ipar Euskal Herriko bertsolari txapelketa udazken honetan egingo dela iragarri dute. Xilaba Bertsulari Xapelketa irailaren 19an abiatuko da Hiriburuko La Perle aretoan, eta amaiera handik bi hilabetera emango zaio, azaroaren 21ean, Donibane Lohizuneko Jai Alain. Orotara hamar saioko txapelketa izango da eta «ia asteburu guziez bertsuarekin gozatzeko parada ukanen duzue», ziurtatu dute antolatzaileek.

Txapelketan parte hartuko duten bertsolariak honakoak dira: Aitor Servier Etxexuri, Amets Arzallus Antia, Battitt Crouspeyre, Bittor Thicoïpe, Bixente Hirigarai, Egoitz Zelaia, Elixabet Etxandi Goienetxe, Gillen Hiribarren, Iker Altuna, Irati Alcantarilla Urdanpilleta, Johaine Sarraillet, Josu Txoperena Iribarren, Kerman Diaz, Maddalen Arzallus Antia, Maddi Ane Txoperena Iribarren, Maddi Sarasua Laskarai, Maindi Murua Berra, Miren Artetxe Sarasola, Mizel Mateo, Odei Barroso Gomila, Oier Urreizti, Oneka Arteaga Olasagasti, Ortzi Idoate, Patxi Iriart Hiribarren, Pettan Prebende, Ramuntxo Christy, Xan Alkat eta Xumai Murua Berra. Zozketa larunbat honetan dira egitekoak eta saioen berri Bertsozale Elkartearen web-orrialdean emango dute.

Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako bertsolari txapelketa 2008an antolatu zen lehenengo aldiz eta geroztik bi urtean behin jokatu da, harik eta, orain bi urte, taldekako formula sortzea erabaki zuten arte. 2018 eta 1019 urteetan taldekakoa jokatu da eta, iragarri dutenez, hemendik aurrera asmoa bi ereduak txandaka jokatzea da (urte batean bakarkakoa eta hurrenean taldekakoa). Azken bakarkako txapelketa 2016an jokatu zen, eta Sustrai Colina nagusitu zen. Bigarren postua 2013an Euskal Herriko txapela jantzi zuen Amets Arzallusentzat izan zen.