Gerrilla balutxeak bere gain hartu du Karatxiko Burtsari erasoa

Talde armatu batek Karatxi hiriko Burtsari eraso egin dio, Pakistan hegoaldean. Zazpi pertsonaren heriotzarekin amaitu den oldarra bere gain hartu du Balutxeen Askapenerako Fronteak, Balutxistango herrialdearen independentziaren alde borrokatzen duen erakunde armatuak. 

Dabid Lazkanoiturburu|2020/06/29
Pakistan
Polizia ikertze lanetan gorpu baten ondoan. (Asif HASSAN-AFP)

Gutxienez zazpi pertsona hil dira, tartean lau erasotzaile eta polizia bat, talde armatu batek tiroka eta granadak jaurtiaz Karatxiko Burtsan egin duen erasoan.

Balutxeen Askapenerako Fronteak erasoa aldarrikatu du Twitterren. Pakistanen hegomendebaldean kokatzen den Balutxistango herrialdearen askatasunaren alde eta Islamabaden aldetik herri balutxeak pairatzen duen errepresioaren eta diskriminazioaren aurka borrokatzen du erakunde armatuak.

Balutxistango herria zatituta eta hiru estaturen menpe dago: Iran, Afganistan en Pakistan.

«Gure brigada batek erasoa egin du Karatxiko Burtsan. Gure askatzaileak eraikuntza barruan daude eta egoera kontrolpean dute», zioen mezuak, erasoa amaitu gabe zegoenean.
 
«Talde terrorista bat Burtsan sartzen saiatu da. Liskarrean lau erasotzaile eta gutxienez polizia bat hil dira», azaldu du hiriko Poliziaren bozeramaile batek, Rizwan Patel-ek. Handik gutxira beste bi segurtasun guardia hildakoen artean daudela onartu du iturri berak.

Patelek erasotzaileek ezin izan dutela eraikinean sartu ziurtatu du baina ez du argitu nola ahal izan duten iritsi segurtasun neurri handiak dituen inguru hartara, bankuak eta bulegoak hartzen dituen eremura hain zuzen. Murad Alik, Karatxi hiriburua duen Sindh probintziako gobernuburuak, «herrialdeko ekonomiaren eta segurtasunaren aurkako erasoa» gaitzetsi du.

Txina, jomugan

Ez da gaurkoa, ordea, Karatxiko hiri erraldoian (20 milioi biztanletik gora) eta bide batez Pakistaneko hiriburu ekonomikoan Balutxeen Askapenerako Fronteak egiten duen lehen erasoa.

2018an Txinak hirian duen Kontsulatuari eraso egin zion zazpi hildakorekin amaitu zen ekintzan.

Balutxeek jomugan dute Txina, Pekin herrialdearen ondasun guztiak bereganatzen ari delako Islamabadekin hitzartu dituen akordioei esker.

Pakistan Pekingo protektoratu bilakatu da azken urteetan. Txinak duen Zetako Bide berriaren proiektuan guztiz estrategikoa da Balutxistan eta Gwadarreko portu-hiria, Indiako Ozeanoaren ertzean, txinatarren eskuetan dago.

 

ARGAZKI GALERIA
Gaizka PEÑAFIEL | FOKU


Mungiako laukoteak NAIZ Kontzertuak ekimenaren seigarren gaua erre zuen ostirala gauean. Sanagustin Kulturunea, eliza zaharra musikari emana. Rock-ak: 1 - Jainkoak: 0. Ibilbide labur baina sakonean sortutako klasiko eta kaleratzear dauden abestientzako lekua egon zen; hori bai, kanta zaharrak edo ezagunak soineko berriekin aurkeztuta.