Ane URKIRI

Alaves, salbaziotik puntu bat gertuago Getaferekin berdindu ostean (0-0)

Alavesek puntua erdietsi du Getaferen aurka eta aurkitzen den egoera makala kontuan hartuta eta VAR-ak 86. minutuan Getaferen gola baliogabe eman duelako, ontzat jo beharko du golik gabeko berdinketa. Salbaziotik puntu bat gertuago dago baina oraindik ez du lortu helburua bere osotasunean. [Neurketaren xehetasunak].

Jorge Molina Lucas Perezek area barrura bidalitako erdiraketa erdiraketa bat urruntzen. (Jaizki FONTANEDA / FOKU)
Jorge Molina Lucas Perezek area barrura bidalitako erdiraketa erdiraketa bat urruntzen. (Jaizki FONTANEDA / FOKU)

Duela bi jardunaldi Eibarko entrenatzaile Mendilibarrek onartu zuen Eibar eta Leganesen arteko norgehiagoka ikusteko ordaintzea lastima bat litzatekeela, bi taldeek erakutsitako maila kaskarrarengatik. Bada, Alaves eta Getaferen arteko lehiagatik ordaintzea ere gehiegitxo zatekeen. Geldialdiaren osteko neurketak zalerik gabe jokatzea, beraz, alde batetik, albiste ona dela esan genezake.

Urduritasun gehiegirekin aritu dira bi taldeak. Biek ala biek zituzten helburu garrantzitsuak betetzeko, urrats handia emateko aukera zeukaten astelehen honetan garaipena erdietsiz gero baina, era berean −irabazteko asko daukazunean gertatzen den legez−, galtzeko ere asko zeukaten, batez ere Alavesek.

Horregatik, hain zuzen, hartu arnasa hain zakon VAR-ak Getaferen gola baliogatu duenean. 86. minutuan Durok egin du gola eta kolpe latza zatekeen etxeko taldearentzat.

Mallorca eta Leganes hain gertu izanda −hiru puntura− porrot batek asko gaiztotuko luke talde gasteiztarraren egoera. Puntu batekin ez du gehiegirik konpontzen baina aspaldiko partez porroten dinamika alde batera uztea lortu du orain Lopez Muñizek gidatzen duen taldeak.

Cucurellak lehen zatiaren azken ondarrean izan duen gol aukera izan da neurketa guztian nabarmendu daitekeen jokaldi bakarra. Zutoinarekin topatu da bete-betean, eta gaitz erdi!

Gainontzean, ez batak ez besteak ez dute lortu baloiaren jabetzari jarraikortasuna ematea. Jokalariak elkar trabatu dira, falta gehiegi egon dira −batez ere lehen zatian− baina ez dute gol aukerarik sortu baloi geldien jokaldietan. Jokoz kanpoko ekintzak ere nabarmenak izan dira. Alavesen aldetik Edgar hiru jokalditan kokatu da jokoz kanpoko egoeran −Getaferen lerroa aurreratua egotearen ondorez−, hasiera batean hau saihestea zaila ez zirudien arren.

Kapitainaren animoak

Manu Garcia hasierako hamaikakoan egoteak animoz bete du taldea neurketaren fase askotan. Bigarren zatiaren hasieran taldekideak hauspotzeaz arduratu da kapitaina eta ziur zaleek esketzen dutela konpromisoz betetako jarrera hori, zenbait jokalarietan hau zalantzagarria denean.

Esaterako, Lopez Muñizek bigarren aldiz jarraian deialditik kanpo utzi zuen Aleix Vidal arrazoi teknikoengatik. Dena dela, arraro egiten da Edgar jokatzen ari den minutu kopurua −hasieratik aritu da azken bi neurketetan eta Getaferen aurka ia neurketa osoa jokatu du−, Borja Sainzek ilusioa gainezka duenean. Leioako jokalaria 89. minutuan zelairatu da Perezen ordez.

Beste behin, hiru zutoinen artera jaurtiketarik egin gabe bukatu du neurketa Gasteizko taldeak, eta orotora bi egin ditu. Real Madrilen aurka freskotasun gehiago erakutsi zuten baina astelehen honetan azken partiden bidera itzuli dira babazorroak. Beraz, ondoriozta daiteke puntua ontzat eman dutela, konponbidea suposatu ez duen arren. Fase berri honetan neurketaren bat irabazi nahi baldin badu asko hobetu beharko dute gelditzen diren egun apur hauetan.

Ostegunean Betisen aurka arituko da Sevillan eta gainontzekoek egiten dutenaren arabera −Leganes eta Mallorcak galduz gero− porrot batekin ere salbatuta legoke Alaves.