Tolosako Beotibarren emandako erakustaldiak hirugarren puntua eman die Artola eta Rezustari

Aurrelari gipuzkoarrak 14 tanto egin ditu Beotibarren Peña II.a-Martijaren kontra jokatutako Caixabank Masterseko partidan.

NAIZ|2020/07/13
Artolapilota
Artola, argazkian aurreko patida batean, oso ondo aritu da aurrean. (Iñigo URIZ/FOKU)

Artola eta Rezusta dira, orain arte, hiru garaipen lortu dituzten bakarrak Caixabank Masterseko txapelketa berri honetan. Lehen aurkariak Urrutikoetxea eta Irribarria izan ziren, eta 14-22 irabazi zieten Bilbon. Hurrengo neurketan, Olaizola II.a eta Zabaletaren kontra bigarren garaipena eskuratu zuten Iruñeko Labriten. Eta gaur, hilabete batzuk eta gero Beotibarrek bere ateak berriro irekitzen zituen egunean, Peña II.ak eta Martijak eraman dute porrota (22-10).

Norgehiagokak 50 minutu iraun ditu –17:57 benetako denbora– eta 475 pilotakada egon dira guztira. Bertan, Artolak erakustaldi errematadorea eskaini du, 14 tantorekin amaitu baitu partida –sakez egindako beste bat ere gaineratu behar zaio–. Atzean, sendo aritu den Resuzta izan du bizkarzain. Atzelariak bi tanto egin eta ez du pilotarik galdu.

Partida nahiko gorabeheratsua izan da hasieran, lehenengo zatian. Gorriak 2-0 eta 3-1 aurreratu dira, baina urdinek lau tanto egun dituzte jarraian markagailuan 4-5ekoa ezartzeko.

Hor etorri da gorrien berpiztea, beste zazpi tanto egin baitituzte jarraian (10-5) eta Peña II.a eta Martijak ezin izan diote buelta eman. Ondoren, 14-10era hurbildu dira urdinak, baina gorriek seigarren martxa ipini eta zuzenean joan dira 22. kartoiraino, udako txapelketa berri honetan hirugarren puntua eskuratuz.

 

NAIZ KONTZERTUAK
Loading player...


Bederatzi talde, bost Euskal Herriko areto... Denboraldi honetako NAIZ Kontzertuen unerik onenak.