Iker GURRUTXAGA

Jaiaz gainera aldarrikapenak nagusi Esne Beltzaren kontzertuan

Lehoiaren ile luze koloretsua eszenan agertu da berriz ere Bermeoko Kafe antzokian. Esne Beltza taldeak ordubeteko ikuskizun aparta eskaini du bertaratu direnentzat, baina baita kontzertua etxetik ikusi duten guztientzat ere. Argi goxoak eta soinu aparta, NAIZ Kontzertuetan ohituta gauden bezala.

Esne Beltzaren kontzertua, Bermeoko Kafe Antzokian. (Aritz LOIOLA/FOKU)
Esne Beltzaren kontzertua, Bermeoko Kafe Antzokian. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Hogeitik gora lagun izan dira lanean, batzuk oholtza gainean eta beste batzuk ezkutuan. Hori hala izango zela aurretik jakinarazi zion NAIZ Irratiari Xabi Solanok. Hartara, agindutako sorpresen ikuskizun ekin diote kontzertuari.

Zigor DZ izan da zeremoniari irekiera eman diona. Diskotekako bi kristalezko bola-erdi handiren tartean jarrita zegoen bitartean, jendartetik sartu da Pini rapeatuz. ‘Mi revolución’ kantaren lehen akordeak jotzeko oholtzaren atzeko aldetik sartu dira gainerako taldekideak, tartean Xabi Solano bera ere eskuko mikroarekin abestuz. Indartsu itzuli dira Esne Beltza taldekoak ia 8 hilabeteko geldiunea egin ostean.

Tokian mugitzeko aukera zutela gogorarazi die Xabi Solanok bertan zirenei eta, segidan, «ni aske naiz kalean, herrian, bizi naizen tokian» leloarekin ‘Ni’ kantarekin askatasunaren aldeko aldarria egin dute. Gainera, lehenengo kantatik sartu dituzte agindutako gonbidatuak. ‘Txino’ break dantzari iruindarra igo da oholtzara eta betiko moduan sekulako ikuskizuna eman du. Esne Beltzaren kontzertuetan momentu eder asko eman izan dituen dantzaria da bera eta gaurkoa ez da salbuespena izan.

Klasiko batekin eman dio jarraipena kontzertuari taldeak. Etzakit taldearekin duela 22 urte kaleratu zuen ‘Izar iheskorra’ kantaren 2.0 bertsioa entzun dugu, ‘Izar’ izenekoa. Egiari zor, Etzakiten lehen lerroko formazioa mantentzen du oraindik ere Esne Beltza taldeak, Joan Mari Beasain eta Aitor Zabaleta alde banatan jarrita dituela. Lerro bat atzerago daude gainerako taldekideak eta hori da Esne Beltzak hasieratik oholtzetan erakutsi duen formazioa.

Batez ere ‘Ni’ diskoko kantak izan ditugu presente gaurko kontzertuan. Trikia soinean hartuta eman dio jarraipena ‘Argitzeraino’ kantarekin, azken diskoko kantarik dantzagarrienetakoa, eta festara gonbidatzen duen horietakoa da. Gauden garaian ohikoa litzateke Esne Beltzaren kontzertua bukatuta Bermeon festak egunsentiraino jarraitzea, kantak horixe esaten baitu, «bailando hasta el amanecer». Baina gauden egoeran, batek daki.

«Gaurkoa berezia da eta oso goian gaude» esan du Xabi Solanok eta horren adibide izan da etengabean saiatu direla publikoarekin hartu-emana izaten. Atzetik, jazarpena jasan dutenei eskainitako ‘Paretaren kontra’ abestiarekin jarraitu dute eta Solanok bere haragitan ere jasan duela ere salatu du. Begirada serioz eta hunkituta nabaritu zaio. Aldarrikapena bai, baina festa izaten denez batez ere Esne Beltzaren kontzertuetan, konfetiak jaurti dituzte airera ‘Euskaraz bizi nahi dut’ kantarekin, Zigor DZren mahaia proiekzio pantaila bihurtuz. Hala, bertaratu direnak kantari jarri ditu taldeak horretarako propio isilunea eginaz.

Sirena hotsekin trikiti piezetarako tartea etorri da. Joan Marik gitarra panderoagatik trukatu eta dantzari hirukotea oholtzara: Kukai dantza taldeko kideak, Xabi Solanok bere bakarkako proiektuan ere alboan izaten dituenak. Gernika gogoan, ‘Inpernuko’ jotzeko txanda izan da.

Kritikarako tartea

Maskaren erabileraren inguruko kritika ere egin du Solanok, «hauteskunde aurretik maskara gabe eta orain maskarekin gaude, jakin dezatela zer gertatzen den hemen» esan eta ‘Lokarriak’ kanta jo dute. Izan ere kantak horrela dio bere leloan: «Bete zizkiguten belarriak hitz ederrekin, hitz faltsuekin. Kendu zizkiguten lokarriak, lotzeko kate batzuekin…». Kritika ulertu nahi duenak, ulertuko du.

Euskal presoak ere gogoan izan dituzte Esne Beltza taldekoek. Bai ‘Mugitu harriak’ kantarekin eta baita gitarra hartu eta ‘Gogoak’ kanta klasikoa jotzean. Berriz ere publikoa kantari entzun ahal izan dugu kantaren hondarrean.

Solanok berriz ere gitarra utzi eta DZren unea etorri da, ‘Quién manda’ kantaren sarreran La Mala Rodriguezen ahotsa ziztatuz. Bi ’frontmanek’ kontzertuaren pisua beren gain hartu badute ere, gainerako musikariek ez dute hutsik egin. Sekulako mailako taldea erakutsi du Esne Beltzak beste behin, oso profesionalak dira. Horren adibide talde guztia zutik jarri eta «ikus dezatela hemen nork agintzen duen» esan ostean kantarekin aurrera nola jarraitu duten ikustea besterik ez zegoen. Bi rapeko izarren pare aritu dira Pini eta Solano une askotan kantak iraun duen bitartean, eta tartean berriz ere Txino sartu da eszenan.

Kontzertua konturatzerako bukaera aldera iristen ari zela «Ez zelako hil, hil egin zutelako, Iñigo Cabacas gogoan» esanaz hasi dute ‘Hil zuten’ kanta, berriz ere Esne Beltzaren ikur den lehoiaren amorru guztia kanpora ateraz, baina baita publikoarena ere. Kanta bukatu eta ‘Sueños de color’ aurkeztean, Solanok horrela esan die entzuleei: «Hemendik urte batzuetara gogoratuko dugu nola izan ginen hemen eta zeinen ondo pasatu genuen». Hunkituta nabaritu zaio une batzuetan artistari.

Abestia bukatu eta «jarri maskarak eta jarri zutik» esan orduko ‘Pasodoble’ jotzen hasi dira. Oraingoan lortu dute. Javi Perez tronpetaren solo bikaina entzuteko aukera ere izan dugu kantak iraun duen bitartean. Eta kito, ordubetea bukatuta. «Aupa NAIZ, aupa zuek eta aupa etxekoak» esanaz agurtu eta Kukai dantza taldea, Txino eta Esne Beltzako kideak aurkeztu  ditu Xabi Solanok. Bukatzeko, batera dantzan hasi dira DZk jarritako abesti baten doinuekin. Salto gutxi batzuk eman, gerritik heldu eta buruak makurtuz agurtu gaituzte.

Ordubetean ehizan aritu eta asebetetzeko beste janari eskuratu duen lehoiaren pare aritu dira Esne Beltzakoak. Ordubete egurrean. Orain berriz ere atseden hartzeko moduan dira, ehizarako aukera berria etorri arte. Gaurkoan, ikus-entzule guztiak ehizatuak izan gara.