Ane URKIRI

Motxiladun umeek gurasoak ikusi gabe urte erdia daramatela deitoratu dute presoen senideek

Euskal preso politikoen seme-alabek otsaila bukaeratik edo martxoa hasieratik daramate beraien aita, ama edo, kasu batzuetan, biak ikusi gabe. Sakabanaketaren ondotik, covid-19aren pandemian, haur hauek «laugarren zigorra» jasan behar izan dutela ohartarazi dute senideek, Sare Herritarrak antolaturiko agerraldian.

Motxiladun haurrak eta hauen senideen agerraldia Durangoko Zuhatzola parkean. (Aritz LOIOLA / FOKU)
Motxiladun haurrak eta hauen senideen agerraldia Durangoko Zuhatzola parkean. (Aritz LOIOLA / FOKU)

Egun, ia 100 motxiladun haur daude Euskal Herrian eta ohiko egoeran jasan behar duten sakabanaketaren «salbuespen legediari» covid-19aren gaitza batu zaio. Hori horrela, Sare Herritarrak antolatutako agerraldian euskal preso politikoen senideek azaldu legez, ume eta nerabe hauek urte erdi daramate euren ama, aita edo, kasu batzuetan, biak ikusi gabe.

Azken bisitak otsail bukaeran edo martxo hasieran izan zituzten, bada otsaila hasieratik espetxeko bisitarik egin ez duenik ere −Donibane Lohizunen bost urteko alabarekin bizi den Olatz, kasu−. «Haserre» eta «minduta» daudela azaleratu dute Durangoko Zuhatzola parkean bildu diren senideek, beraien haurrek ‘Etxera’ zihoen kartela apaintzen zuten bitartean. 

Aldarrikatu dute euskal presoak Euskal Herrian behar luketela «aspaldi» eta jakin badakitela etxetik gertuen dauden espetxeetan egon beharko luketela «aspaldi». Gogoratu dute Estatu espainoleko Kongresuan hainbat alderdik sinatu zutela presoen eskubideen aldeko manifestua eta Lakuako Osasun Publikoko zuzendariak ere gomendatu zuela «osasun publikoa prebenitzeko eta babesteko neurria preso bakoitza bere familia bizi den komunitate edo probintziara gerturatzea».

Zaharrak berri

«Badira aste batzuk ‘normalitate berria’ kontzeptua entzuten ari garela eta guretzat ‘zaharrak berri’ izaten jarraitzen du; motxiladun umeak gurasorik gabe bizitzera kondenatzen ari baitira», adierazi du Oihana Mujikak. Berarekin batera Eider Zuriarrainek egin du gaztelerazko kontakizuna.

Zenbait kartzela espainoletan lokutorioko bisitak egiten hasi direla azaldu dute baina, oraindik ere, presondegi gehienetan ezin dela aurrez aurreko familia bisita eta elkarbizitzakorik egin. «Gainera, uztailean joan izan ahal duten haurren kasuan, preso gurasoa kristal baten atzean ikusi edo bidaia ohiz kanpoko baldintzetan egin behar izan dute», gehitu dute.

Ondo bidean eta espetxe batzuek esandakoaren arabera, abuztuan izango dute aurrez aurreko horiek egiteko aukera, «baina nork ziurta diezaguke egoera ezegonkor honetan hori horrela izango dela?», itaun egin dute. Ohartarazi dute, esaterako, Zuerako espetxean berriz eten dituztela aurrez aurreko bisitak.

Estatu frantseseko kartzeletako bisitak ere etenda egon dira otsailetik uztailera bitartean eta berriro aukera zabaldu dutenean, musukoaren derrigortasuna eta aita edo ama ezin ikutua izan dira neurrietako batzuk.

Espetxean dauden haurrak

Ez dute ahaztu nahi izan espetxean bizi diren haurren egoera, «bereziki larria» delako. Aranjuez eta Picassenteko espetxeetan daude Izadi, Irati eta Ilargi eta oraindik ezin izan dute beraien senitartekoen bisitak jaso ezta konbibentzikoak ere, «eta ez dakite abuztuan izango dituzten».

Hauen amek, «hainbat arrazoiengatik» 10-15 eguneko konfinamendua egin behar izan dutela jakinarazi dute eta horietako bik beraien umeekin egon behar izan dutela zelda batean 21 orduz.

Nabarmendu dute, haur hauek, beraien heziketarako, asteburuak senideekin kanpoan pasatzen zituztela eta sei hilabete luzean hauek etenda egon ostean, «umearen erritmo eta egokitzapenean eragina» izan dezakeela kexatu dira.

Era berean, «ongi etorri goxoa» egin nahi izan die larunbatean jaso zen Maddiri eta aldarrikatu dute, honek bere ahizpa eta amarekin batera Usurbilen egon beharko lukeela.

Konponbiderako urratsak

«Gure probintzatik atera ezin badugu nola bidaiatuko dugun hain urrutira aitatxo ikustera?» galdera hainbatetan errepikatu dela azpimarratu dute. Jende askok beraien opor bidaiak bertan behera utzi behar izan duten honetan, euskal preso politikoen senideek hainbat probintziatik igaro behar dute beraien bikote edo gurasoa ikusteko, gasolindegietan geldialdiak eginez eta hostaletan gaua igarotzen.

Senideak etxean izatea orain inoiz baino «ezinbestekoagoa» dela adierazi dute, egoera ez delako «sostengarria». Hala, «denok hobe biziko garen normalitate berria» beharrezkoa delako, «konponbidearen aldeko urratsak emateko deia» luzatu nahi izan dute.

«Gu ari gara konponbidearen eta bakearen aldeko urratsak ematen, eta horretan jarraituko dugu», nabarmendu dute, hori lortzea ezinezko dela astearte honetan azaleratutako egoera hauek mantenduz gero.

Herritarrak ibiltarien sarearen parte izatera animatu dituzte, «euskal preso eta iheslariak etxeratzeko bidearen parte izatera», alegia.

Arartekoari bilera eskatu diela jakinarazi dute eta baita Gobernu espainoleko delegatuari ere.