Konpainia teknologiko handien irabaziak, handiagoak pandemiaren errealitate berrian

Amazonek, Applek, Facebookek eta Googlek, Estatu Batuetako lau enpresa handienek eta ‘Big Tech’ taldeko banderadunek, covid-19ren krisiari aurre egin eta aise gainditzen ari dira oro har irabaziak handituz, konfinamenduek eta telelanak markatutako bigarren hiruhileko baten ondoren. Irabazien gorakadaren ondoan, halere, gero eta gehiago dira sektorea zorrotzago arautzeko eskatzen dutenak.

NAIZ|2020/07/31
Tekno
Konpainia Tekonologiko handien logoak (AFP)

AEBetako eta Europako jarduera etenak eta mugikortasunaren murrizketek enpresa askori kalte egiten dieten bitartean, teknologikoek hazteko aukera ezagutu dute, telelanerako trantsizioa, merkataritza elektronikoaren erabilera eta aisialdi digitala areagotzearekin batera, ostegun honetan jakinarazi dutenez.

Amazon, merkataritza elektronikoaren liderra da. Apirila eta ekaina bitartean Jeff Bezos zuzendari duen multinazionalak bere mozkina ia bikoiztu egin zuen 5.243 milioi dolarreko irabaziekin, bere fakturazioa % 40 igo ostean 88.912 milioira iritsi arte eta kostu operatiboen igoera handia izan arren, 83.069 milioira iritsi baitziren.

Bezosek nabarmendu duenez, salmentek gora egiten jarraitu dute «ezohiko» bigarren hiruhileko honetan, eta pandemiari lotutako kostuak ordaintzeko 4.000 milioi dolar inbertitu dituela gaineratu du, «eskaera handiko garaietan» langileak eta kontsumitzaileak babesteko.

Merkataritza elektronikoaren enpresa erraldoiak ez du soilik internet bidezko erosketen gorakada jaso; izan ere, Amazon Web Services (AWS) hodeiko zerbitzu plataformak eskaera handia izan du, telelanaren ondorioz. Urteartekoari begiratuta, fakturazioa % 29 igo da 10.808 milioiraino.

Urteko lehen erdian, konpainiak 7.778 milioi dolarreko irabaziak (% 26 gehiago) eta 164.364 milioi euroko fakturazioa (% 33 gehiago) lortu ditu.

Apple, errekorra salmentetan

Sagarraren konpainiak % 12ko mozkina lortu zuen apirila eta ekaina bitartean, 11.253 milioi dolarreko irabaziekin, eta fakturazioan ere antzeko igoera izan zuen, % 11koa, 59.700 milioikoa, produktuen eta zerbitzuen salmenten hazkundeari esker.

Applek mundu osoan itxi zituen bere dendak pandemiaren hedapena geldiarazteko, eta AEBetan ere itxi behar izan zituen batzuk, kutsatzeen gorakadengatik. Mac ordenagailuen fakturazioan errekorra izan zuen (% 22) iPhone telefonoen aldean (% 1,6), eta App Store edo Apple TV+ zerbitzuena hobetu zuen (% 15).

«Badakigu emaitza horiek nabarmenak direla enpresa handi zein txikientzat eta familientzat egoera ekonomiko zail baten erdian», esan du Tim Cook Exekutibo gorenak telefonoz egindako hitzaldian.

Urteko lehen erdian, Applek 22.502 milioi dolarreko (% 4 gehiago) eta 118.00 milioiko (% 6 gehiago) irabaziak izan ditu.

Facebook eta distantziaren eragina

Munduko sare sozial erabilienaren jabeak ere irabaziak bikoiztu zituen apirila eta ekaina bitartean, 5.178 milioi dolarreko irabaziekin, eta fakturazioa % 11 igo zen urte batetik bestera, 18.687 milioiraino.

Facebooken datuak nabarmenak dira, iaz data hauetan arautzaileen isun aberatsei aurre egin behar izan baitzien eta pandemiak ez dio fakturarik egin konpainiari, aitzitik, jarduera sozialik ez zegoenez, eguneroko erabiltzaile aktiboak % 12 igo ziren, 1.790 milioira arte.

Publizitatea da oraindik enpresaren diru-iturri nagusia, eta bigarren hiruhileko honetan 18.321 milioi dolar eman dizkion, iaz baino % 10 gehiago, nahiz eta iragarleen boikota izan desinformazioa eta gorroto-mezuak direla-eta.

Urtearen lehen erdian, Facebookek 10.081 milioi dolarreko (% 99 gehiago) eta 36.423 milioiko (% 14 gehiago) irabaziak izan ditu.

Googlen, lehen beherakada

Alphabet Googleko enpresa nagusia izan zen ostegun honetan iaz baino zifra okerragoak aurkeztu zituen bakarra. Apirila eta ekaina bitartean irabaziak % 30 jaitsi ziren, 6.959 milioi dolarreraino, eta salmentak % 2, 38.297 milioiraino, hau da, 22 urteko historian izandako lehen beherakada.

Diru-sarrera gehienak (% 80) publizitatetik etorri ziren (29.867 milioi), ondoren YouTuberen publizitatea (3.812 milioi) eta hodeiko zerbitzuen plataforma, Google Cloud (3.007 milioi).

Pandemiaren eraginez iragarleen gastua murriztu izanak Alphabeti eragin dio, eta publizitate eta marketin gastuak erdira murriztu ditu lehen seihilekoan. Langileen kontratazioa izoztu du, merkatuaren motelaldiari aurrea hartu nahian.

Urteko lehen erdian, 13.795 milioi euroko mozkin garbiak (% 17 gutxiago) eta 79.456 milioi euroko fakturazioa (% 5,5 gehiago) lortu ditu konpainiak.

Kezkak: konpetentzia eta datuen erabilera

Irabazi ikusgarrien ondoan, halere, erraldoi teknologikoek erronka handi bat dute erabiltzaileen konfidantzari dagokionez, gero eta gehiago baitira konpainia hauek arautzeko orduan gobernuak zorrotzagoak izan beharko liratekeela uste dutenak, GARAK pasa den ingandean argitaratutako erreportajean iformatzen zuenez.

Gizarte zibilean kezkaz begiratzen diote Silicon Valleytik egiten daitekeen bizitzen kontrolari eta aste honetan bertan konpetentziaren inguruko praktiken inguruko audientzia batean agerraldia egin behar izan duten konpainia handietako ordezkari nagusiek. Hainbat ikerketa martxan daude maila federalean eta zenbait estuatutan, konpententziari dagokionez eta datuen pertsonalen babesaren inguruan, hain zuzen ere.

 

 

NAIZ KONTZERTUAK
Loading player...


Bederatzi talde, bost Euskal Herriko areto... Denboraldi honetako NAIZ Kontzertuen unerik onenak.