NAIZ

Matrikulazio kanpainari ekin dio AEK-k, koronabirusak eragindako osasun egoera berezira moldatuz

Koronabirusak eragindako osasun egoera bereziari moldatuz, matrikulazioa kanpainari ekin dio AEK-k. Gaurko aurkezpenean nabarmendu dutenez, aukera ugari dago norberaren beharrei egokitzeko.

AEKren matrikulazio kanpainaren aurkezpena. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)
AEKren matrikulazio kanpainaren aurkezpena. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)

Urrian hasiko den ikasturtean, ohiko ikastaroekin jarraituko du AEK-k, «betiere unean uneko osasun-neurrietara egokituta, eta prebentzio neurri guztiak hartuta». Hala, hauek izango dira AEKn euskara ikasteko aukerak: Euskaltegietan, aurrez aurreko taldeak: ohiko euskalduntzea eta mailak egiaztatzeko ikastaroak. Autoikaskuntza euskaltegian. Eredu konbinatua, aurrez aurreko eskolak eta autoikaskuntza uztartuta. Online ikastaroak. Foruko barnetegia, Urdaibaiko biosfera-erreserban, urte osoan zabalik.

«Irakasleengandik hasita, AEKn ahalegin berezia egingo dugu ikasturte berri eta berezi honetarako. Adierazi bezala, aukera bat baino gehiago dago euskara ikasteko, eta horrez gain, era bakoitzeko plana egokitu dugu, bereziki, aurrez aurreko ikastaroekin, eskolak emateko modua eta antolaketa egoera berrira egokituta. Gainera, AEKn, hilabete hauetan plan berezi bat osatu dugu, etor daitekeen guztiari irtenbiderik onena topatzeko», gaineratu dute.

«Azpimarratu nahi dugu erakunde askok (udalek, aldundiek, mankomunitateek, Jaurlaritzak nahiz Nafarroako Gobernuak..) diru-laguntzak ematen dituztela. Diru-laguntzen gaineko informazio hori, ikastaroena, hizkuntza-agiriena eta abar gure webgunean (www.aek.eus) eta euskaltegietan aurkituko duzue, horretarako propio prestatu baitugu», azaldu dute.

«Euskara ikasteko garaia berriz hemen dugu, euskara maila hobetzeko, euskara erabiltzen jarraitzeko. AEKn, testuinguru berezia izanik ere, aurrera segituko dugu, herritarrek euskaltegietan euskara ikasteko aukera izan dezaten ikasturte honetan. Gainera, izena ematen dutenek irakasleen laguntza izango dute, gertu-gertutik. AEKn, irakasle batek bik beste balio duela diogu, alde batetik, irakasleak gai direlako ikasleak ikasprozesuan aurrerantz egin dezan, eta, bestetik, euskaraz bizi denaren pasioz, irakasleak nahi duelako euskaltegian matrikulatzen den pertsonak ikas dezala. Txanpon beraren bi aldeak dira: irakasleen esperientzia eta eskarmentua, eta, bestetik, irakasle horien pasioa eta gogoa», erantsi dute.