NAIZ

Emakunde Lehendakaritzatik ateratzea gogor kritikatu du Mugimendu Feministak

Euskal Herriko Mugimendu Feministaren parte diren hainbat eragilek gogor salatu dute Emakunde Lehendakaritzatik ateratzeko erabakia. Urteetan zehar berdintasun-politika publikoen inguruan eraikitako adostasunen aurka doala eta berdintasun politika eraldatzaileak martxan jartzeko konpromisorik ez dagoela agerian uzten du beraien iritziz.

Mugimendu feministak krisi mahaia jarri zuen martxan pandemia egoeran. (Jon URBE/FOKU)
Mugimendu feministak krisi mahaia jarri zuen martxan pandemia egoeran. (Jon URBE/FOKU)

Euskal Herriko Mugimendu Feministaren parte diren hainbat eragilek agiria kaleratu dute, EAJ-PSEren Gobernu berriak Emakunde Lehendakaritzatik ateratzeko erabakia gogor kritikatzeko, «covid-19aren krisi betean» gaudela.

Eragile hauen iritziz, erabakiak «bigarren maila batean» kokatzen ditu berdintasun-politikak eta «emakumeen arazoak» konpontzeko politika espezifiko gisa tratatzen ditu, eta, finean, «Gobernuaren praktika osoan eragiteko gaitasuna kendu».

Idatzian gogora ekarri dutenez, 1995ean Beijingen egin zen Emakumeen Munduko IV. Konferentzian parte hartu zuten estatuek erabaki zuten berdintasunerako unitateak gobernuetako presidentzietan kokatu behar zirela, politika publikoaren zentralitatea hartu ahal izateko eta «mainstreaming» deritzon estrategia edo genero-zeharkakotasuna deitu izan dena garatzeko.

Irizpide horrekin bat, eta Beijingeko akordioei aurrea hartuta, 1988an, Emakunde sortzeko legean erakundea Lehendakaritzara atxiki zen, eta hor jarraitu du orain arte. Urkulluk, ordea, «gainerako sailetan eragiteko gaitasunik ez duen sail batean» kokatu du, salatu dutenez. Hala, Emakunde «ikuspegi honetatik lan egitera bultzatzen du: emakumeak kolektibo bat gara (eta ez biztanleriaren erdia baino gehiago) eta, gainera, kolektibo zaurgarria».

Horrekin batera gogoratu dutenez, aurreko legealdian, Berdintasunerako Legea aldatzeko eta zabaltzeko lege-proiektuari ekin ziotenean, bertan jasotzen zen administrazio publiko guztietako berdintasun-unitateek «posizio organikoa eta harreman funtzional egokia izan behar dutela, erabaki politikoak hartzeko orduan modu eraginkorrean eragin ahal izateko» eta helburuak betetzeko behar besteko aurrekontua izateko. «Hau da, berdintasun arloak Lehendakaritza arloetan kokatu behar dira».

Idatzia sinatu dutenen arabera, covidak sortutako krisiak agerian utzi du, «antza, asmo horiek soilik martxoaren 8ko eta azaroaren 25eko adierazpen instituzional politikoki zuzenak direla, eta hitz eta argazki politak berdintasun-politikak ahultzen dituzten praktika politiko eta instituzionalak itxuraldatzeko besterik ez direla».

«Beste behin ere, Iñigo Urkullu lehendakariaren erabakiak erakusten du krisi garaian emakumeek (eta badirudi berdintasun-politikek ere) ‘beren lekura’ itzuli behar dutela. Hain zuzen ere, sukaldera, etxera, zaintza lanetara, kontratu partzialetara, edota prekarietate gorenean aurkitzen diren etxeko langile egoiliarren egoeretara», salatu dute.

Azken batean, nabarmendu dute, Emakunde Lehendakaritzatik ateratzeak «agerian utzi du ez dagoela konpromisorik berdintasun-politika eraldatzaileak martxan jartzeko, emakumeen egoera hobetzeko, eta gizarte berdinzaleago zein bidezkoago baterantz urratsak emateko».

Horren aurrean, dei egin diete talde eta eragile feminista guztiei, eta gertuko beste talde sozialei, Lakuako Gobernuari eginiko salaketarekin bat egin dezaten, eta Lakuari «ahalik eta lasterren zuzen dezan bere hanka sartze itzela».