Ertibil sarien iazko irabazleek Japoniatik ekarritako ‘Samurai Festa’, Rekalde aretoan

MawatreS (Juan Padro Orduñez artista madrildarra) eta Borja Gomez Diez sestaoarrak iaz Japonian egindako egonaldiaren «uzta artistikoa» da ‘Samurai Festa’, gaurtik aurrera Bilboko Rekalde aretoan ikusgai dagoena. 2019an egile biek Ertibil saria irabazi zuten.

NAIZ|2020/09/10
Captura_de_pantalla_2020-09-10_a_las_12.21.10
Juan Pablo Orduñez eta Borja Gomez Diez artistak. Atzean, Lorea Bilbao diputatua. (BIZKAIA.EUS)

Bizkaiko Aldundiak antolatutako iazko Ertibil lehiaketaren sari gisa Japonian garatutako arte-egonaldien ondorioz sortu da urriaren 12ra arte bisitatu ahal izango den ‘Samurai Festa’. Juan Pablo Orduñezek (MawatreS izen artistikoa erabiltzen du) eta Borja Gomez Diezek 2019ko uztailetik abuztura bitartean egin zituzten egonaldiak herrialde horretan, eta horren isla egunotan Bilboko Rekalde aretoan ikusgai dagoena.

Lorea Bilbao, Bizkaiko Euskara, Kultura eta Kiroleko diputatuak, gaur egin den aurkezpenean azaldu duenez, «‘Ertibil Japan’ kulturen trukea aberasten duen esperientzia da, dudarik gabe, eta oso tresna interesgarria da sormenaren hazkunderako. Ekimen honekin, Foru erakundeak artisten arteko eta kulturen arteko elkarrizketa sustatu nahi izan du, Bizkaiko talentuak beste herrialde batera bidaiatu daitezen, aberasteko eta berriro itzultzeko, gurera, Rekalde aretora, artetik bizi nahi duen artistak merkaturatzeko plataforma honetara».

Juan Pablo Orduñez Yokohamako Koganecho Art Center-en izan zen; Borja Gomez Diez, berriz, Youkobo Art Spacen, Joshibi-ko Artearen eta Diseinuaren Unibertsitatearekin lankidetzan. Tokion dauden sormen-espazio horietan bizi izan zituzten esperientzia pertsonaletan egituratuta daude ‘Samurai Festa’ erakusketako obrak.

Juan Pablo Orduñez / MawatreS (Madril, 1986)

Juan Pablo Orduñez/MawatreSen erakusketa-proposamenaren funtsezko oinarria Rekalde aretorako mural ‘site-specific’ bat da, bertan garatutakoa. Muralak hogei metroko luzera du eta MawatreSek Japonian egindako marrazki-proiektuaren jarraitutasuna proposatzen du. Origamisen, paperen tolesen erabateko egunerokotasunetik ateratako balizko hamabost monumentu-forma eskaintzen dira.

Borja Gomez (Sestao, 1993)

‘Cabeza de oro, cuerpo de fuego’ izenburuarekin, Borja Gomez Diezek Japonian zegoen bitartean eta egonaldiaren ostean garatutako pintura-multzo bat aurkezten du.

Tokio hiri sutsuan lanean igarotako bi hilabeteek bere jardunaren inguruko pertzepzio berri bat sorrarazi zuten artistarengan. Japoniako gizartean sakonki errotutako kolore, forma eta keinuekiko topaketak bereak zalantzan jartzera eraman zuen, zehazki, Tokioko Koenjiko lantegi txikian; bertan, material berriekin esperimentatu zuen eta, horren ondorioz, bestelako topaketak eta aurkikuntzak lortu zituen.

Rekalde Aretoko kabinetean, washi paper tradizional japoniarraren gainean olioz zein tintaz egindako zenbait pieza aurki ditzakegu, baita egoitzatik itzultzean egindako formatu handiko beste pintura batzuk ere.

Erakusketaren inguruan zenbait jarduera antolatu dira. Esaterako, ostiral honetan 17.00etan, ‘ECOS #29’ saioa. 16an, 18.00etan, topaketa bat izango da artista biekin. Bi jardueretarako edozeinetara joateko, ezinbestekoa da aurretik izena ematea 944068532 telefonoan edo salarekalde@bizkaia.eus helbidearen bidez; izan ere, plaza-kopurua mugatua da, bertaratutakoen segurtasuna bermatu behar baita Covid-19aren ondorioz jarraitu beharreko protokoloaren bidez.