Oum talde marokoarrak ezin izango du Atlantikaldian parte hartu, pandemia tarteko

Koronabirusak Marokon eragin duen egoera dela medio, Oum taldeak ezin izango du Atlantikaldian parte hartu eta, honenbestez, bertan behera gelditu da Alos Quartet-ekin programatuta zuen topaketa. Gabacho Marok taldeak ordezkatuko du hutsunea.

NAIZ|errenteria|2020/09/14
Gabacho_maroc
Gabacho Maroc taldeak munduko musikak uztartzen ditu, kulturaniztasunaren erakusle. (POLKA PHOTOS)

Atlantikaldia Kultur Topagune eta Musika Jaialdiaren edizio berria hilaren 24tik 26ra ospatuko da Errenterian eta antolakuntzatik iragarri dutenez, egun gutxiren faltan, aldaketa bat jazo da programazioan. Izan ere, koronabirusaren larrialdiak Marokon eragin duen egoera tarteko, bertako Oum taldeak ezin izango du Euskal Herria bisitatu. Hortaz, aipatu taldeak Alos Quartet bertako taldearekin aurreikusita zuen Itsas Elkarrizketa bertan behera geldituko da.

Talden hauen ordez agertokira igoko den taldea Gabacho Maroc izango da eta Ainara Ortega abeslaria izango dute beraiekin elkarlanean. Ikuskizun berezi hau egun eta ordu berean ospatuko da, alegia, irailaren 26ean, larunbata, iluntzeko 19etan.

Musikak uztartuz mundua ulertu

Gabacho Maroc Afrikako, Europako, Asiako eta Hego Amerikako 200 jaialditan baino gehiagotan aritu den talde franko hispano marokoarra da. Hitz gutxitan esanda, kultura ezberdinetako musikarien arteko topaketa baten eta mendebaldeko, Afrikako eta ekialdeko musika tresnen arteko elkarrizketa baten emaitza da. Musika marokoarra eta afrikarra nahasten dituzte, eragin gnawuarrak dituzte eta jazzarekin uztartzen dute.

«Mundua, jazza, gwaniar tradizioa edo ekialdeko trantzea maileguan hartuz, errepertorio koloretsu, jai eta findua sortzen dute, eta, batez ere, sortzailea. Hala ere, Gabacho Marocen estiloa ez da world music estiloan kokatzen, ezta jazz afrikarrean eta kantu gnawetan ere. Edo agian bai. Hori guztia da, eta askoz gehiago. Kontinenteen arteko zubia, iparraldeko Afrikako musika tradizionalen aberastasunaren, jazzaren energiaren eta ekialdeko trantzearen boterearen arteko etengabeko mestizaia. Generoen mestizaje paregabea soinu-paisaia goresgarri batentzat», aurreratu dute.

Baieztatu den bezala, Atlantikaldiko agertokiak Gabacho Maroc eta Ainara Ortegaren arteko lankidetza berezia hartuko du, hegoaldeko soinuak eta gure lurraldeko ahots miragarri hau uztartuz.