Mintzalasai ekimenaren 9. edizioan euskara astinduko dute Biarritz, Angelun eta Baionan

Osasun egoerak eta egitura publikoen laguntza murrizketek baldintzatu arren, aurten ere egingo da Biarritz, Angelu eta Baionan hizkuntza ohiturak aldatzea helburu duen Mintzalasai Festibala. Irailaren 21 eta 27a bitartean euskarazko dozenaka ekimen izango dira. Antolatzaileek euskaraz egitera animatzen dute, «uste baino gehiago girelako».

Haritz Larrañaga|2020/09/16
Mintzalasaibaiona_gfauveau-3
Baionan eskainitako prentsaurrekoan aurkeztu dute aurtengo Mintzalasai ekimena. (Guillaume FAUVEAU)

Aurtengoa, Mintzalasai Festibala antolatzen den 9. aldia izango da. Osasun egoerak baldintzatuta zenbait ekimen egiteko modua egokitu behar izan dute eta, besteen artean, amaierako «euskararen besta eguna» ere bertan behera geratu da, iaz baino laguntza gutxiago jaso baitituzte instituzioetatik. Antolatzaileen esanetan, «geroz eta zailagoa da elkartearen jarduerek eta administrazioaren irizpideek bat egitea».

Edonola ere, Biarritz, Angelu eta Baionak osatzen duten eremuan euskararen erabilera %1,6koa dela oroitarazten dute Mintzalasaiko antolatzaileek eta haien iritziz premiazkoa da hizkuntz ohiturak aldatzen laguntzeko ekimenak antolatzen jarraitzea. Horregatik, aurreikusiak zituzten 49 hitzorduetatik 24ra murriztu dute programa, baina hala ere, «adin eta euskara maila desberdineko herritarrentzako» egitarau anitza osatu dute.

«Uste baino gehiago gira!», dio egitasmoaren goiburu nagusiak, izan ere Mintzalasai ekimenak duen helburuetako bat euskal hiztunak edonon daudela lehen hitza euskaraz egitera gonbidatzea da. «Kolektiboki mobiliza gaitezen eta indibidualki alda ditzagun gure hizkuntza ohiturak», aldarrikatu dute Mintzalasaiko kideek. Gainera, euskararen erabileran sakontzeko beste ekarpen bat ere egin dute aurtengoan, ‘Hitz larrien, irainen eta kikitzen’ hiztegia.

Programa oparoa

Denetarik egin ahal izango da euskaraz BAB inguruan irailaren 21 eta 27 artean. Beroketa moduan eta astea asteko, skate ikastaroak izango dira Biarrizko Atabal skate parkean, ekialdeko dantzak eta «fandango orientala» Baionako Bernat Etxepare ikastetxean, bote luzea Angeluko ezker paretan, Paddle eta sorospen ikastaroa biarrizko Kai Zaharrean, eta antzerki ikastaroak Versant aretoan.

Irailaren 23a haurren eguna izango da. Aurten ez dira egingo ikastetxeetan eta euskaltegietan egin ohi diren ekimenak, baina ez da bestelako animaziorik faltako. Trantsizio ekologikoa eta solidarioa bultzatzeko bilkura informatiboa izango da Baionan eta, aldiz, Biarritzen ipuin kontaketak entzun, surfaz familian gozatu, txotxongiloekin irri egin, eta akuarioa gidari batekin ezagutzeko aukera izango da.

Irailaren 24a erreflexio eguna izango da. Artisten erakusketak, dokumental proiekzioa, kultur eskaintzak eta eztabaidak izango dira. Biharamunean, ibilaldi bat egingo dute Angelun, Baionako mediatekan espektakuluak izango dira eta Biarritzen eztabaida filosofikoa egingo dute. Arratsean, ostera, ‘Bi urte, lau hilabete eta egun bat’ filma eskainiko dute Bairrizko Le Royal zineman.

Hizkuntzen Europako eguna da irailaren 26an. Egunari indarrez ekiteko «gosari kalakaria» egingo dute, erdi aroko azoka izango da Baionan eta hilabetero egiten den «Baionan kantuz» hitzordua baliatuko da euskaraz abesteko. Horrez gain, euskal kazetaritza idatzia lantzeko tailerra, baratze zaintza ezagutzeko parada, jokoak, irakurketa kolektiboa eta Anjel Lertxundi idazlearen hitzaldia ere izango dira.

Azken edizioetan lagun artean eta familian gozatzeko egun osoko besta egun bat antolatzen zen Igandean Biarrizko Marion lakuan, baina aurten ezinezkoa izango da besta egun hori Mintzalasai Festibalaren baitan burutzea.

Egitaraua, ordea, ez da aste bateko programarekin amaitzen eta antolatzaileek 2021. urtean hamargarren edizioa egin ahal izateko lanean jarraituko dutela iragarri dute. Ondorioz, lanketa bat hasi dute erakundeekin, «Mintzalasairentzat eredu ekonomiko iraunkor bat osatzeko».