Pilotabizi Elkarteak gatazka bideratzen saiatzeko eskatu die enpresa, erakunde eta federazioei

Elkarteak, bere aldetik, Euskal Herriko pilota kluben artean gogoeta konpartitu bat lantzeko konpromisoa hartu du. Beraien ustez egoerak pilotari «egiten dion kaltea handia da eta galera berreskura ezina izan liteke gizartearen ondasuna den kirol honentzat»

Jon Ormazabal|2020/09/20
Baiko
Baikoko pilotari taldeak emandako prentsaurrekoak hautsak harrotu ditu. (Gorka RUBIO/FOKU)

Azken egunetan esku pilota profesionalaren inguruko jazoerek, bereziki Baiko enpresaren inguruan emandakoek, lehen erreakzioak sortu dituzte eta Pilotabizi Pilotazaleen elkarteak gaiaren inguruko bere gogoeta plazaratu du NAIZera igorritako komunikatu batean.

Euskal Herriko Kluben arteko txapelketa Nazionala antolatzen duen elkartearen iritziz, «esku pilota profesionaleko Baiko enpresak hartutako azken erabakien ondorioak, herritarrengan uzten duen irudi txarraz aparte, pilota kirolari egiten dion kaltea handia da eta galera berreskura ezina izan liteke gizartearen ondasuna den kirol honentzat».

Idatzian diotenez, «ezin dugu onartu hartutako erabakiak arrazoi ekonomikoetan edo kirol argudiotan sostengatzen direnik, zentzugabekoak iruditzen zaizkigu, kirol zein ikuskizun arlotik begiratuta ere».

Elkartearen iritziz, ez dago formakuntzarako baliabiderik eta gaztetxoak pilotara erakartzeko behar diren egiturak eta giza baliabideak eskasak dira eta kanporatuak izan diren pilotarien mailakoak lortzeko hainbat eta hainbat boluntariok egindako lana gutxiesten dute.

Lau eskaera

Horregatik, lau eskaera egiten dituzte. «Enpresei, pilota profesionalarekin negozioa egiten dutenei, gatazka konpontzeko elkarrizketa bultza dezatela. Kirol honekin konprometituta dauden eragile guztiekin batera gogoeta baterako deia egiten diegu». Euskadiko eta Nafarroako gobernuei, «kirol mailako administratzaile direnez, pilota profesionalean eman den gatazka hau bidera dezatela». 

Hirugarrenik, «Euskadiko eta Nafarroako federazioei, baita lurraldeetakoei ere, jar ditzatela behar diren baliabideak eta kudeatu dezatela egoera hau, ahal dela gatazka aurreko egoera berreskuratu dadin, Administraritzarekin batera agintea daukatelako».

Eta azkenik, pilotako klubei gogoeta komun baterako deia egiten diete, «batzuk kirol honentzat diseinatu duten ibilbide orriaren aurrean». Horretarako, esku pilotako klub desberdinek gogoeta hori egiteko batzar bat bideratzeko lan egiteko konpromisoa hartu dute. 

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK