Naiz
Eskoriatza

XXI. mendeko erronkei «erantzun propioa» emateko Debagoiena 2030 sarea aurkeztu dute

«2050. urterako adimentsua, inklusiboa eta klimatikoki neutroa izango den Debagoiena izatea» helburu duen Debagoiena 2030 sarea aurkeztu dute Eskoriatzako Ibarraundi museoan. XXI. mendeko erronkei «erantzun propioa» emango dien «eraldaketa mugimendua sustatzeko» sortutako egitasmoa da.

Debagoiena 2030 sarea aurkeztu dute.
Debagoiena 2030 sarea aurkeztu dute.

Debagoiena 2030 Garapen Iraunkorrerako Sarea osatzen duten eragileek «etorkizuneko erronkei erantzun bateratua emateko konpromisoa» erakutsi dute Eskoriatzako Ibarraundi museoan egindako ekitaldian.

Gaurko sinatze ekitaldiarekin, XXI. mendeko erronkei «erantzun propioa» emango dien «eraldaketa mugimendua sustatzeko» sortutako egitasmoa bultzatzeko asmoa erakutsi dute. Zentzu horretan mintzatu da Gizabidea Fundazioko Elena Herrarte: «Klima aldaketa, digitalizazioa, jendartearen aniztasun hazkorra eta horren ondorioz inklusioak erakusten dizkigun erronka berriak esanguratsuak dira. Garai historiko baten amaiera eta berri baten hasiera puntuan gaudela esan genezake, eta, iraganean bezala, orain ere eskualde gisa, etorkizunera begiratu eta beharrezkoa da erronka hauei erantzuteko modu proaktiboan lanean jartzea. Olatu eraldatzaile baten beharra dago».

Sinaduran Fagor, Arrasateko Udala, Oñatiko Udala, Bergarako Udala, ULMA, Debagoieneko Mankomunitatea, Garaia, Gipuzkoako Foru Aldundia, Goiena, Mondragon Taldea, Mondragon Unibertsitatea, Saiolan eta Agirre Lehendakaria Center elkarteek hartu dute parte.

Azaldu dutenez, lanaren etorkizuna, energia, mugikortasuna, elikadura sistemak, hezkuntza, ekonomia zirkularra, inklusioa eta komunitatea izango dituzte lan eremu. Bide horretan, 14 dira aktibatuko diren proiektu edo prototipoak.

Honela, «2050. urterako adimentsua, inklusiboa eta klimatikoki neutroa izango den Debagoiena izatea da» aurkeztu duten ekimenaren helburua. «Eraldaketa mugimendu hori elkarlanetik eta eragile eta norbanakoen arteko konexioak bultzatzetik etorriko da», azpimarratu dute.