NAIZ
BILBO

Hiru greba egun deitu dituzte Osakidetzan, osasun publikoaren «arazo larrien» aurrean

SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO, UGT, ESK, SAE eta UTESE sindikatuek hiru greba egun deitu dituzte Osakidetzan, osasun publkoaren «egoera larriaren» aurrean Lakuako Gobernuaren «irtenbide eza» ikusita. Herrialdeka izango dira grebak, urriaren 29an eta azaroaren 5 eta 12an.

Osakidetzako sindikatuen agerraldia, hiru greba egunak iragartzeko. (Marisol RAMIREZ/FOKU)
Osakidetzako sindikatuen agerraldia, hiru greba egunak iragartzeko. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Osakidetzako sindikatuek hiru greba egun deitu dituzte, Lakuako Gobernuko Osasun Sailari, osasun publikoaren «egiturazko eta sakoneko arazo larriaren» aurrean neurriak har ditzala exijitzeko. Grebak herrialdeka egingo dira: urriaren 29an Arabako lan zentroetan, azaroaren 5ean Gipuzkoan eta azaroaren 12an Bizkaian.

SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO, UGT, ESK, SAE eta UTESEk agerraldia egin dute Bilbon mobilizazio horien berri emateko. Salatu dutenez, Lakuako Gobernuaren «propaganda-diskurtsoetaz harago, Osasun Sailak eta Osakidetzak berak ez dute mahai gainean jarri gure osasun publikoak pairatzen dituen gabezi larriak arintzeko neurririk», nahiz eta sindikatuek mobilizazioak egin dituzten eta hainbat sindikatuk Gotzone Sagardui Osasun sailburu berriarekin aldebiko harremanak izan dituzten.

Arazoak «aspalditik» datozela eta pandemia egoerak areagotu egin dituela gogora ekarri dute; horien artean langile nahikoa ez izatea. 

«Osakidetzak azken urteotan ez du horiek konpontzeko inolako borondaterik izan. Horren adibide garbia da Lehen Arretan gertatzen dena. Langileak kalera atera ziren iaz, eta hiru greba egun egin zituzten, egunerokoasunean pairatzen duten muturreko egoerari irtenbideak eskatzeko. Urtebete geroago, agerian geratu da, hitz onak alde batera utzita, Eusko Jaurlaritzak ez diela irtenbiderik eman gabezi larri horiei», adierazi dute.

Sindikatuen arabera, EAEko osasun publikoko inbertsioa «Europako batez bestekoaren azpitik dago, eta azken urteetan, gainera, gutxitu egin da». «Desinbertsio» horrek osasun publikoaren «egoera larrian zerikusi zuzena» du, eta Lehen Arretan ez ezik gainerako arloetan ere pairatzen dute langileek, agerraldian nabarmendu dutenez. «Ospitaleetan eta osasun mentaleko sarean, adibidez: giza baliabideen eta baliabide materialen eskasia, lan gainkarga sistematikoa, behin-behinekotasun tasa altuak, akidura fisiko eta emozionala, lan eskubideen murrizketak, zerbitzuen pribatizazioa, babesgabetasuna eta lan osasunaren utzikeria, etab».

Nolanahi ere, «gabezia larri horiek» ez dira «birusarekin agertu, eta ez dira desagertuko egiturazko eta sakoneko konponbideak martxan jartzen ez badira», ohartarazi dute.

Horregatik, Lakuari eskatu diote «osasun publikoa bere lehentasuna» bihurtu dezala. «Pandemia honek argi erakutsi duen bezala, osasun sistema sendoa eta giza baliabide eta baliabide material nahikoak izatea ezinbestekoa da ongizate kolektiborako; egiturazko gabeziek, pertsonen ongizatea ez ezik, gure garapen soziala baldintzatzen dute, baita ekonomikoa ere».

Sindikatuen eskakizunen artean daude aurrekontu-partida bat, «Europa Batasuneko batez bestekoaren parekoa, %25a Lehen Arretara bideratuz», plantilla handitzea, «murrizketa guztien berreskurapena», pribatizazioak atzera botatzea eta langileen osasuna eta segurtasuna bermatzeko neurriak hartzea, besteak beste.