Korrikaren 22. edizioa urtebete atzeratuko da, 2022ra

Korrikaren 22. edizioa urtebete atzeratuko da, 2022ra arte. Halaxe erabaki du AEK-k, egungo osasun egoerak baldintzatuta. Erabaki «gogorra» izan dela eta AEK-k kolpe ekonomiko handia pairatuko duela aitortu dute arduradunek.

Asier ROBLES|Donostia|2020/10/16
Loading player...

Asier Amondo Korrikako arduradunak eta Alizia Iribarren AEKren koordinatzaile nagusiak agerraldia egin dute Donostian, Korrikaren 22. edizioaren inguruko erabakiaren berri emateko. 2021eko udaberrian egitekoa zen, baina osasun egoerak baldintzatuta urtebete atzeratzea erabaki dute, 2022ra.

Erabaki «gogorra eta latza» izan dela adierazi du Amondok, «AEK-ko kideen artean tristura handia sortu duena eta Euskal Herriko euskaldunengan ere disgustua sortuko duena». «Azken finean Korrika delako Euskal Herrian egiten den ekitaldirik jendetsuena eta zirraragarriena euskararen alde», azpimarratu du.

Amondok adierazi duenez, 2019ko edizioaren amaieratik 22. edizioa prestatzen ibili dira, eta antolaketa guztia «ondo» zihoan martxoa eta koronabirusaren pandemia heldu arte. Hortik hona aukera ezberdinak aztertzen aritu dira hausnarketa sakon batean, «baina udaberri amaieran eguzki printza batzuk ikusi ziren arren, udan zerua berriro ere belzten joan da eta gaur egungo egoera ez da batere samurra».

«Egoera uste genuena eta nahi genuena baino askoz okerragoa da orain. Hori dela eta, AEKn hobetsi dugu atzeratzea, besteak beste, pandemiaren barruko transmisioa ahalik eta gehien murrizteko», aitortu du.

Gainera, ohiko Korrika bat antolatu ezin dela nabarmendu du, eta ez dutela nahi Korrikaren «ordezko eskas bat»: «Korrikak kalea behar du, bizia, mugimendua. Eta hori errepidera ateratzen direnek ematen digute, kalera ateratzen direnek».

Kolpe ekonomikoa

Korrika atzeratzeak AEKrentzat «kolpe ekonomiko handia» eragingo duelak adierazi du Iribarrenek. «Azken finean Korrikatik ateratzen zen dirua AEK-ko euskaltegiak hornitzeko erabiltzen genuen», gogoratu du.

Helduen euskalduntzea bizkortzea eta inbertsioak areagotzea «ezinbestekoa» dela gogoratu du AEK-ko koordinatzaileak eta, ildo horretatik, administrazioek euskaltegiei bideratutako baliabideak «oraindik nahikoak ez direla» adierazi du, «urratsak egin diren arren».

Bestalde, lanean jarraituko dutela adierazi du, «euskaltegietara hurbiltzen ari zaizkigun milaka lagunek eskolak modurik eragingarrienean ikas ditzaten, eta egunero, goizetik gauera, jarraituko dugu mintzapraktika-egitasmoak abian, normalizazio-planak, itzulpen- eta zuzenketa-lanak, hilero argitaratzen dugun ‘Aizu!’ Aldizkaria eta abar egiten; lanez lepo ibiliko gara, euskarak toki handiagoa har dezan».

Azkenik, azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitartean ospatuko den Euskaraldiaren bigarren edizioan parte hartzeko deia egin dute.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK