Jon Ormazabal

Ezkurdia eta Altunak akatsak onartu eta bitartekari lanak egin nahi izan zituztela argitu dute

Ohar batean, Pilotarien Elkarteak «guztion eskubideak borrokatzeko tresnarik egokiena» dela ustela berretsi dute Ezkurdia eta Altunak eta baita bertako lidertza hartzeko inolako asmorik ez dutela azaldu.

Ezkurdia eta Altunak borondate onenarekin aritu direla argitu nahi izan dute. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)
Ezkurdia eta Altunak borondate onenarekin aritu direla argitu nahi izan dute. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Astelehenean Aimar Olaizola eta Mikel Urrutikoetxearekin egindako ezusteko mugimenduak sortu duen zalapartaren ondoren, Joseba Ezkurdia eta Jokin Altunak, egindako akatsak onartu eta euren benetako asmoak argitzeko idatzi bat eman dute argitara.

Bertan aitortzen dutenez, «biok gure borondate onenarekin jokatu dugu. Inoiz ez gara erabiliak izan. Esku pilotaren aferak hartu zuen norabidea ikusita, tartean  sartzeko erabakia hartu genuen, gure ekarpenekin. Bizitzen ari garen arazoek maila ezezagun batera ihes egin dutelako». Aspeko bi pilotariek sinatutako oharrean diotenez, «honen ondorioz sortutako kezkek eta ardurek eraman gaituzte gure kabuz irtenbideak topatzera. Baiko eta ELAren arteko negoziaketek blokeo egoeran ikusten genituenez, gu bitartekari lanak egitera ausartu ginen. Norabide berri bat emateko asmoz, gure ikuspuntu apaletik».

Emandako pausuen berri ere eman nahi izan dute lau eta erdiko azken bi urteetako finalistek. «Buruhauste askoren ondoren, bururatu zitzaigun aukera egokiena Pilotarien Elkarte bat osatzea izango litzatekeela. Elkarte honen babespean greban dauden pilotariek dituzten aldarrikapen guztiak bideratzeko aukera aproposena zela iritzi genuen. Horretarako, Aimar Olaizola eta Mikel Urrutikoetxearekin elkartu eta gero, gure egitasmoa EPEL-i helarazi genion».

Korrika eta presaka

Onartzen dute, ordea, «korrika eta presaka ibili garela, baina beti zentzuzko irtenbidea bilatzeko asmoz. Horregatik, kaleratu genuen oharrean ez genuen gure asmoa behar bezala aditzera eman eta konturatu ginen gaizki ulertuak sortu genituela. Erantzunak 48 orduko epe laburrera murriztea ere ez zen egokia izan».

Argi utzi nahi izan dute, baita ere, ez dutela proposatzen duten elkartearen inolako lidertzarik nahi. «Inola ere ez, guk ez dugu elkarteko buru izateko asmorik, bitartekari lanak egitea baizik. Horregaitik, guk  astelehenean azaldu genituen helburuak indarrean jarraitzen dute. Pilotarien Elkartea guztion eskubideak borrakatzeko tresna egokiena dela uste dugu, denak elkarrekin eskupilotaren etorkizuna lantzeko».