Naiz

Iruñeko haur eskoletako euskarazko plaza kopuru «murritza eta zokoratua» salatu dute

«Gure kontaktuen artean badauzkagu kontziliatu ezinda etsita gaztelerara jo behar izan duten familiak», adierazi du Haur Eskoletako Gurasoak plataformak. Izan ere, Iruñeko 16 haur eskoletatik lauk baino ez dute euskarazko lerrorik eta bakar batek murgiltze eredua. Denak hiriaren iparraldean daude.

HE Gurasoak plataformak, udaletxe aurrean, egindako protesta (HE Gurasoak)
HE Gurasoak plataformak, udaletxe aurrean, egindako protesta (HE Gurasoak)

Haur Eskoletako Gurasoak plataformak, ikasturte berria martxan denean, grafikoki erakutsi nahi izan du Iruñeko euskarazko haur eskolen banaketak euskarazko plazak nahi dituzten gurasoei sortzen dien arazoa.

Nafar hiriburuan euskaraz murgiltze ereduko haur eskola bakarra gelditu da, Txantreako auzoan. Era berean, eredu mistoa, hau da, euskarazko zein gaztelerazko adarrak dituzten beste hiru daude, Sanduzelaien, Arrotxapean eta Alde Zaharrean kokatuak. Gainerako 12 haur eskoletan, berriz, gaztelerazko ereduak ezarriko dira. «Iruñeko mendebaldean hasi, hegoaldetik pasa eta ekialdeko auzoetaraino doan eremuan euskaren basamortua», dagoela salatu dute.

16 haur eskola horietatik nafar Gobernuak bost kudeatzen ditu eta horietako bik baino ez dituzte euskara plaza batzuk besterik eskaintzen, beti ere gaztelerazko beste lerro batekin batera. Iruñeko Udalak, berriz, 11 haur eskola kudeatzen ditu, aipatutako Txantreako Izartegi murgiltze ereduari, Arrotxapeako eredu mixtoa batuta. Baina honek okerrera egingo du. «Oraintxe hasita dagoen zikloaren bukaeran, ikastetxe bakarra izango da murgiltze ereduan eta beste batek euskal eta erdal adarra edukiko ditu», ohartarazi dute.

Plataformak euskara «eskubidea» dela defendatu du eta «irmoki» lerrokatu dira murgiltze ereduaren alde, «euskara benetan ikasi eta bizitzeko aukera bakartzat» jotzen dute-eta.

Aurki biltzekoa den Iruñeko Udaleko Haur Eskolen Erakunde Autonomoari eta nafar Gobernuaren Gizarte Zerbitzuei eskatu die «bazterkeria geografikoa alde batera uzteko» eta mapa berri baten diseinuan lan egiteko. Plataformaren ustez «familia bakoitzaren auzoan ez bada, ondokoan euskaraz matrikulatzeko aukera ezin digute ukatu». Haur bakoitzaren familien egoera izan dute kontuan. «Ez da erreza hiria punta batetik bestera zeharkatu behar izatea 0-3 urteko umeentzat euskarazko plaza bat lortzeko. Gure kontaktuen artean badauzkagu kontziliatu ezinda etsita gaztelerara jo behar izan duten familiak», adierazi dute.

Hori dela-eta, lanean jarraitzeko asmoa agertu dute eta 0-3 urteko haurrak euskarazko ereduan hezi nahi dituzten gurasoei haiekin kontaktuan jartzera animatu dituzte.