NAIZ
BAIONA

Konfinamenduak Xilaba bertso txapelketaren etenaldia behartu du

Emmanuel Macron frantziar presidenteak iragarritako neurriek Ipar Euskal Herriko bertso txapelketa etetera eraman dute. Bertsularien Lagunak elkarteak gaur osteguna aditzera eman duenez, «kultura segurua dela sinetsirik, bertsolaritza sustatzen jarraituko dugu, eta garaian garaiko baldintzek ahalbidetzen duten heinean, bertsoa eta Xilaba plazetara itzuliko dira».

Maddi Sarasuak irabazi zuen Final Herenetako bigarren saioa aurreko igandean. (BERTSULARIEN LAGUNAK)
Maddi Sarasuak irabazi zuen Final Herenetako bigarren saioa aurreko igandean. (BERTSULARIEN LAGUNAK)

Urriaren 28an Emmanuel Macronek iragarritako konfinamendu neurriek martxan zegoen Xilaba txapelketa etetera eraman dute. Hurrengo saioa urriak 31n, larunbatean, zegoen iragarrita. Txapelketaren Final Herenetako hirugarren eta faseko azken saioa behar zuen izan eta Izturitzeko Herriko Gelan ospatuko zen. 

Joan den asteburuan jokatutako Final Herenetako bigarren saioan, Maddi Sarasua atera zen garaile. Hirugarren fasearen azken saiora deitutakoak hauek ziren: Odei Barroso, Maddi Ane Txoperena, Xumai Murua, Ramuntxo Christy, Xan Alkhat, eta Ortzi Idoate. Hemen geldituko omen zen, Amets Arzallus Antiarekin batera, zein bertsolari izango ziren Final Aitzinekotan kantatuko zutenak.

Orain, gauzak aldatu bitartean, dena zintzilik gelditu da. «Iraun duen artean, harrera ona izan du Xilabak, bai parte-hartzaileen aldetik eta baita entzuleen aldetik ere», Bertsularien Lagunak elkartearen esanetan.

Txapelketa hau gauzatzen lagundu dituzten guztiei eskerrak eman nahi izan dizkiete, saioetarako gelak utzi dituzten Herriko Etxeei, antolaketan lagundu dutenei, aretoak bete dituzten bertsozaleei... «eta prefosta milesker bertsolari, gai emaile eta epaileei. Zuei guziei esker bertsoa eta, oro har, kultura segura dela frogatu ahal izan dugu. Zuek gabe ezinezkoa izanen zen Xilaba 2020. Kultura segurua dela sinetsirik, bertsolaritza sustatzen jarraituko dugu, eta garaian garaiko baldintzek ahalbidetzen duten heinean, bertsoa eta Xilaba plazetara itzuliko dira. Bertso plazan zein txapelketan, laster zurekin plazan elkartzea espero dugu».