Errenteriako Jantziaren Zentroak erakusketa berri baten bidez ezagutzera eman nahi ditu Kutxa Kultur Moda programako hamar diseinatzaile gipuzkoarren lanak. Denek aipatu programan parte hartu dute egoiliar moduan eta diseinatzaile bakoitzak diseinatu duen jantzi edo osagarri bat jarriko du ikusgai Kapitain Etxearen beheko solairuan.
Larunbata honetatik aurrera egongo da «hamar proposamen berritzaile, ausart eta gazte ezagutzeko aukera. Moda jasangarria da, independentea eta tokikoa, estilo pertsonal eta ausartarekin, sortzaileek eskuz egina», adierazi du Kutxa Kulturrek ohar bidez.
Erakusketan parte hartuko duten diseinatzaileak dira Elixabet Perdiguero ‘ELI-two’ markarekin, Fanny Alonso, Maialen Apaolaza ‘Laza Clothing’, Maialen Porroy ‘EME’, Oihane Pardo ‘Amarenak’, Sonia Cepa ‘Akukuna’, Jon Alkain ‘Ural’, Itxaso Segues ‘Natural Killer’, Nahia Salaberria eta Barbara León ‘Re_’ markaren sortzailea.
Diseinu horietako batzuk, gainera, propio egin dira pasa den asteburuan Donostiako San Telmo museoan egin zen Kutxa Kultur Moda desfilerako.
Kutxa Kultur Modak 2010etik bultzatzen du Gipuzkoan sortzen ari diren, amateur diren eta finkatze-fasean dauden diseinatzaileen profesionalizatzea. Programak ekonomia zirkularra sustatzen du, eta arreta berezia eskaintzen dio moda iraunkorrari eta kontsumo arduratsu eta bertakoari.
Kutxa Fundazioak Donostiako Tabakaleran du gune-lantegia, eta prestakuntza tekniko eta ekonomikorako planak, networkinga eta zabalkunde ekintzak sustatzen dira. Bigarren aldia da Kutxa Kultur Modako egoiliarrak Jantziaren Zentroan euren proposamena aurkezten dutena.
Talentu gazte hauen lanez gozatu nahi duenak Jantziaren Zentroan doan egin dezake urriaren 31tik azaroaren 29ra larunbatetan goiz zein arratsaldez eta igande eta jaiegunetan goizez.