Haritz Larrañaga

«Saltoki guztiak» irekitzeko eskatu dute dendari txikiek Baionako suprefeturaren aitzinean

Urriaren 31z geroztik itxita diren saltoki txikietako merkatariek dendak irekitzeko eskatu dute Baionako suprefeturaren aitzinean. Eric Spitz prefeta ordezkaritza batekin bildu da. Saltoki handiei «funtsezkoak ez diren produktuak saltzeko» debekuak ez du baretu dendari txikien haserrea. Neurri berrien kontrako protestak ugaltzen hasi dira.

Baionako suprefeturaren aitzinean ehunka lagun bildu dira «denda guztiak ireki» ditzatela eskatzeko. (Bob EDME)
Baionako suprefeturaren aitzinean ehunka lagun bildu dira «denda guztiak ireki» ditzatela eskatzeko. (Bob EDME)

Lapurdiko kostaldeko merkatari txikiak Baionako suprefeturaren aitzinean bildu dira «saltoki guztiak ireki» ditzatela eskatzeko. «Edo denok ixten dugu edo inork ez» aldarrikatu dute «egoera jasanezina» dela salatu duten bostehun manifestariek. Elkarretaratzearen amaieran Jonathan Herve suprefeta dendari txikien ordezkaritza batekin bildu da.

Cathy Guegun Baionako merkatarien elkarteko lehendakaria, Serge Isteque Biarrizko Merkataritza Bulegoko lehendakaria, Georges Strullu enpresa txiki eta ertainetako Konfederazioko presidentea eta Peio Guelot enpresaria izan dira suprefetarekin bildu direnak eta jakitera eman dutenez, «lan egiten uzteko eta dendak irekitzen uzteko» eskatu diote Estatuaren ordezkariari.

Baionan bildutakoak Jean Castex lehen ministro frantsesari zuzendu zaizkio. «Ministroak iritziz aldatzen ez badu eta Gabonak aitzin dendak irekitzen uzten ez badigu, hondamendia izango da guretzat, guk ez ditugu diru-laguntzak nahi, guk lan egin nahi dugu», nabarmendu du Cathy Guegunek. Izan ere denda itxi behar izan duten merkatarientzat 200.000 euroko diru laguntza gehigarriak emango dituztela jakinarazi zuen lehen ministro frantsesak.

Arratsaldeko 14:00ean Baionan egin duten mobilizazioan ikusi ahal izan den moduan, azaroaren batean Jean Castex frantziar lehen ministroak saltoki handiei «funtsezkoak ez diren gauzak» saltzeko debekuak ez du baretu dendari txikien haserrea. Merkatari txikien ordezkaritzak suprefetari helarazi dion beste mezua online salmenten ingurukoa izan da. «Gu ez gaude distribuzio handien kontra, sarean saltzearen kontra baizik», argitu du dendari txikien ordezkaritzak.

Jean Castexek bi asteren buruan egoera sanitarioa hobetzen bada dendak berriz irekitzeko aukera ez duela baztertzen adierazi zuen, baina Baionan bildu diren dendariek ez dute zain geratzeko asmorik eta mobilizatzen jarraitzeko asmoa iragarri dute. Aurrerantzean emango dituzten urratsen berri emateko eta jendea informatzeko Facebook orrialde bat sortuko dutela iragarri dute.

Baionako mobiliazioak hainbat hautetsi eta ordezkari politikoren sostegua jaso du, baina giroa bero dagoela ere agerian geratu da. Horren adierazle izan da dendari txikiei babesa erakustera bertaratu den Euskal Herriko Merkataritza Ganberako lehendakariaren hitzartzea, Andre Garretak hitza hartu duenean oihuka eten baitio manifestari batek.

Oinarrizko produktuak bakarrik

Arropak, dekorazioa, artea, elektromagnetikoak, loreak, jostailuak, bitxiak, makillajea edo kulturari lotutako produktuak saltzeko debekua ezarri zuen Gobernu frantsesak azaroaren 3an eta neurri berria abenduaren 3a bitartean indarrean izango dela iragarri zuen lehen ministroak. Ordea, dendari txikiak ez dira ados denden itxierarekin eta haserre jarraitzen dute.

Frantses Gobernuko ordezkariek neurri berria «konpetentzia desleiala» ekiditeko bitartekoa zela azaldu zuten, baina dendari txikien ustez pandemiaren kudeaketak saltoki handiak bultzatu eta jada zigortua izan den komertzio txikia oraindik eta gehiago kolpatzen du. «Martxoan jasan genituen galeren ostean, kolpe berri honek denda batzuetako ateak betirako ixtea ekarriko» duela salatu dute Baionako elkarretaratzearen antolatzaileek.

Saltoki handiak ere kexu

Beste batzuen artean, Carrefour, Leclerc eta Lidl saltoki handiak ordezkatzen dituen Komertzio eta Distribuzioen Federazioak azaroaren 1ean argitaratu zuen agiri baten bitartez «jatekoak ez diren produktuak» saltzeko debekua gaitzetsi zuen, haien iritziz neurri berri honek ez baitu «justifikaziorik plan sanitarioan».

Azaroaren 3an dekretu bidez saltoki handiei funtsezkoak ez diren produktuak saltzeko debekua ezarri ostean, 24 orduko epea eman zien Bruno Le Maire Ekonomia ministroak saltokiak arau berrira egokitzeko. Ondorioz, gaur bertan saltoki handietako apalategi askok itxita beharko lukete, baina ez da horrela izan leku guztietan.

Donibane Lohizuneko Carrefour saltokian, adibidez, eremu batzuk itxi dituzte, hala nola liburuak eta haurrentzako jostailuak saltzen dituztenak, baina aldiz gainontzeko eremu guztiak itxiak ziren. Arropen eremuan baziren plastikozko zinta bat zuten apal batzuk, baina erosleek berdin-berdin har zitzaketen produktuak eta inongo arazorik gabe pasa zitezkeen kutxazainetatik.

Konfinamenduaren kontrako ahotsak ugaritzen

Urriaren 30etik Ipar Euskal Herrian indarrean den konfinamendua, pasa den martxokoa baino arinagoa izan arren, herritarrak kexu dira eta geroz eta gehiago dira Gobernuak ezartzen dituen neurriekin desadostasuna azaltzen duten sektoreak. Azken egunetan neurri berrien kontrako elkarretaratzeak izan dira Hendaian, Larresoron eta Baionan. Horrez gain, debekuari aurre eginaz itsasoratze kolektiboak egin zituzten surflariek Angelun eta Baionan pasa den asteburuan, eta azkenik, azaroaren 7an herriko etxeen aitzinean elkarretaratzeak burutzeko deia luzatu du «sinesgarritasun gutxi duten neurri autoritarioak» salatzen dituen kolektibo batek.

Gauzak honela, arlo desberdinetako ordezkariek ere neurri murriztaileak publikoki salatu dituzte eta kritikak neurrien ingurukoak dira. Hau da, mobilizazioak deitu diztuen antolatzaileen mezuetan inork gutxik ukatzen du pandemia baten erdian gaudenik. Orokorrean, orain artean antolatu diren protestetan Gobernu frantsesaren neurriak dira salatzen direnak.

Giza Eskubideen Ligako kidea den Christophe Desprez baionarrak, esaterako, ‘Mediabask’ hedabideari egin adierazpenetan zera argitu zuen: «Kontua ez da inperatibo sanitarioak ukatzea, adibidez, maskara eramateari uko eginez, baizik eta bermatzea covid-19ari aurre egiteko ezartzen diren neurri guztiak neurrizkoak direla eta denboran mugatuak izango direla».

Euskal Herria Bai alderdiak, berriz, «bere hautu politikoen porroten aitzinean, Frantziako presidenteak konfinamendu berri bat proposatzen» duela salatzen du, eta honakoa gaineratzen du: «Osasun babesa beharrezkoa da, jendarte babesa premiazkoa da».