Asier Robles

‘Lemoiz gelditu’ murala Bilboko Arte Ederren Museoan ikusgai

Bilboko Arte Ederren Museoak Vicente Ameztoyk, Jose Luis Zumetak eta Carlos Zabala ‘Arrastalu’-k 1980an margotutako ‘Lemoiz gelditu’ horma-irudia aurkeztu zuen atzo. 5x8 metroko tamaina du eta zentral nuklearren kontrako Herrikoi Topaketak jardunaldietan egin zen. Murala ikusgai jartzearekin bat, erakusketa ere antolatu du museoak.

‘Lemoiz gelditu’ muralaren aurkezpena, Bilboko Arte Ederren Museoan. (Marisol RAMIREZ/FOKU)
‘Lemoiz gelditu’ muralaren aurkezpena, Bilboko Arte Ederren Museoan. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Bilboko Arte Ederren Museoak ‘Lemoiz gelditu’ artelana aurkeztu zuen atzo goizean. 5x8 metroko tamaina duen horma-irudia da, eta duela gutxi dohaintzan jaso zuen museoak. Duela 40 urte margotu zuten Vicente Ameztoyk, Jose Luis Zumetak eta Carlos Zabala Arrastalu-k, Herrikoi Topaketak izeneko jardunaldietan; Lemoizko zentral nuklearra eraikitzearen aurkako jardunaldiak, hain zuzen.

1980ko azaroaren 8an eta 9an egin ziren Herrikoi Topaketak Bilboko Nazioarteko Azoka zaharreko hiru pabiloitan, Euskadiko Batzorde Antinuklearrek eta Euskal Kostalde Ez Nuklearraren Defentsarako Batzordeak antolatuta. Bertan, musika, antzerkia, bertsolariak, zinema eta arte eta artisau erakusketak eskaini ziren. 40.000 pertsona inguruk hartu zuten parte.

Antolatzaileek Vicente Ameztoy, Jose Luis Zumeta eta Carlos Zabala Arrastalu margolariak gonbidatu zituzten parte hartzera, horma-irudi bat zuzenean egiteko. Aldamio bat erabiliz eta ikusleen aurrean, hiru artistok ‘Lemoiz gelditu’ izenburua duen lana margotu zuten topaketek iraun zuten bi egunetan zehar. 5x8 metroko tamaina du, eta 12 panelekin dago osatuta.

Topaketen ondoren, horma-irudia Erandioko lokal sindikal batzuetan egon zen, 90eko hamarkadaren hasieran Bilboko Gezia Fundazioak bereganatu zuen arte. 2016an, berriz, Geziak Otxandioko Andikona 1936 fundazioari eman zion, eta, Zumetak artelana zaharberritu ondoren, Bizkaiko herri horretako eskolan geratu zen. Orain, dohaintzaren ondoren, Bilboko Arte Ederren Museoko 32. aretoan izango da ikusgai artelana, printzipioz urtarrilera bitartean.

Erakusketa

Iskander Rementeria arte-ikertzaile, musikari eta EHUko irakaslea da erakusketaren komisarioa. Horma-irudiaz gain, ikus-entzunezko beste elementu batzuek osatzen dute atzo aurkeztutako erakusketa. Lehenik eta behin, Lemoizko zentral nuklearraren aurkako borrokari buruzko argazki bilduma bat duen korridore txiki bat dago, eta zentral nuklearra eraikitzen hasi aurreko Lemoiz inguruko argazkiak dituen pantaila bat.

Horma-irudia areto zabal batean dago. Bertan, zentral nuklearren aurkako borrokari buruzko dokumentuak eta artxiboak dituen apal bat dago, eta beste bat Herrikoi Topaketak jardunaldiei buruzko informazioa duten egunkari zatiekin (‘Egin’-eko asko) eta artxiboekin.

‘Lemoiz gelditu’ horma-irudian botere politiko, ekonomiko eta militarra ordezkatzen duten hamabi pertsonaia maskulino agertzen dira mahai baten inguruan bilduta. «Aurpegi maltzurra dute, eta, kasu batzuetan, Zumetaren keinu espresionistari jarraituz, deformatua. Guztiek atsegin handiz ikusten dute bi sugeek lurraldea eta baliabideak suntsitu izana; izan ere, bi sugeek Espainiako eta Ipar Amerikako banderak daramatzate elkarri lotuta», azaldu zuen Rementeriak. Sugeen buruetan Iberdueroko anagrama ere ikus daiteke, Bizkaiko kostaldean proiektatutako zentral nuklearraren enpresa sustatzailea. AEBetako garaiko presidente Ronald Reagan ageri da bileraren buru bezala, cowboy kapela klasikoa jantzita. Bere aurrean, berriz, errenkadez eta izarrekin apaindutako xistera batekin, Adolfo Suarez garaiko Espainiako Gobernuko presidentea agertzen da. Obran, sugeetatik igotzen ari diren pertsona txikiak ere ikus daitezke. Carlos Zabala Arrastalu-k atzo azaldu zuenez –bera da hiru egileetatik bizirik geratzen den bakarra–, «mugimendu herritarra ordezkatzen dute, dituen baliabideekin zentral nuklearraren eraikuntza gelditu nahian».

Iragana artearen bidez ezagutu

Carlos Zabala Arrastalu margolariaren batera, erakusketaren aurkezpenean Miguel Zugaza Bilboko Arte Ederren museoko zuzendaria izan zen. Bingen Zupiria Lakuako Gobernuko Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua eta Bilboko Arte Ederren Museoa Fundazioko lehendakaria ere bertan egon zen.

Arrastaluk hitza hartu zuen murala margotzeko prozesua nolakoa izan zen azaltzeko: «Margolarion hiru estiloak lan bakar batean biltzea oso zaila dirudien arren, oso erraza izan zen. Lehenik, Ameztoyren etxean geratu ginen, eta han zirriborro bat diseinatu genuen. Bakoitzak gai bat aukeratu zuen eta ondoren denak batu genituen. Egia esan, oso erraz jarri ginen ados. Oso konbentzituta geunden egiten ari ginenarekin».

«Zentral nuklearren aurkako herri mugimenduak horrelako lan bat Bilboko Arte Ederren Museoan egotea merezi du», nabarmendu zuen Arrastaluk aurkezpenean. Gogoratu behar denez, uztailean ‘Lemoiz gelditu’ horma-irudia Arte Ederren Museoari dohaintzan emango ziotela jakin zenean, eztabaida sortu zen sare sozialen bidez ea nork zuen legitimitatea herri mugimenduarentzat egindako obra hori lagatzeko. «Arrazoi zehatz batengatik garai bateko testigantza baliotsua izango den murala egiten lagundu zuten hiru artistaren lana da», aipatu zuen Zugazak, historiaren lekukotza ematen duela azpimarratuz, «bere garaian ‘Gernika’-k bezala». Gernikako bonbardaketari buruzko Picassoren koadroa ‘Lemoiz gelditu’ muralean bertan ere gogoratzen da, goiko aldeko bonbilla-begiaren bidez.

Miguel Zugaza harrituta agertu zen 40 urte geroago obra «egoera onean» dagoelako, eta eskerrak eman zizkion mugimendu antinuklearrei bai horma-irudia mantentzeagatik bai orain Bilboko Arte Ederren museoari dohaintzan emateagatik.

Zupiriak azpimarratu zuenez, «lanak artearen bidez iraganeko gertakari garrantzitsu bat ikusteko aukera ematen du». Rementeriak, azkenik, erakusketaren elementuak eta sorkuntza prozesua azaldu zituen.