NAIZ

Urruti-urruti dauden bost preso gehiago Basauri, Martutene eta Zuerara ekarriko dituzte

Valentzia, Murtzia, A Coruña eta Puerton ziren bost presotatik bi Euskal Herrira ekarriko dituzte (Basauri eta Martutenera hain zuzen ere) eta hiru Zaragozako Zuerara. Espetxe Zuzendaritzak iragarri du.

Urruntzearen aurkako protesta. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)
Urruntzearen aurkako protesta. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

Euskal preso batzuk lekualdatuko dituela astero-astero ari da iragartzen Estatu espainoleko Espetxe Zuzendaritza, oso gutxitan Euskal Herrira eta gehienetan ingurura. Honela gertatu da asteazken honetan ere. Bost izango dira hurbildu edota Euskalerriratuko dituenak, bostak etxetik oso urruti ziren presoak eta kartzelan urte asko daramatenak.

Aurreratu duenaren arabera, Valentziako Picassentetik Mikel Azurmendi eta Maite Pedrosa lekualdatuko dituzte, Zaragozako Zuerara hain zuzen ere; A Coruñako Curtisetik Martutenera pasako da Oskarbi Jauregi; Murtzia II espetxetik Basaurira Oier Andueza; eta Puerto I.ekotik Zuerara Joseba Lerin.

Asteroko iragarpen hauek errimo ezberdinak erabiliz ari dira gauzatzen. Azkena, Etxeratek asteartean jakitera eman duenez, Agustin Almarezena da: Puerto de Santa Maria-tik (Cadiz) Estremerara (Madril) mugitu dute, etxetik baino 400 kilometrotik haratagoko espetxe batera beraz.

AVTk jada ehun preso inguru hurbildu dituztela berriro salatu badu ere (gutxiago dira), ez da ahaztu behar Puerto de Santa Mariako espetxeetan azken iragarpen hau gauzatu ondoren ere oraindik hamasei preso izango direla, Picassenten bederatzi eta Murtziakoetan zortzi. Euskal presoak urruntzeko politika oso zabalduta dago oraindik, beraz.