83 sortzaileren lanak bildu ditu Artea Oinez erakusketak
Data
24.03.25 - 24.05.05
Lekua
Nafarroa - Iruñea
Jose Luis Zumeta, Nestor Basterretxea, Jose Antonio Sistiaga, Ixone Sadaba, Carlos Irijalba, Dora Salazar, Celia Eslava, Txuspo Poyo, Sergio Prego, Itziar Okariz, Manu Muniategiandikoetxea, Xabier Morras, Asier Mendizabal, Ibon Aranberri, Clemente Bernad, June Crespo... zerrenda zabala eta anitza da. Hauexek dira Artea Oinez erakusketaren protagonistak.
Aurtengo edizioan presentzia berezia du Miren Doizek. Artista iruindarra omenduko du. Nazioarteko proiekzioa du. Bere ekoizpenak arte garaikidearen epizentroan kokatzen du, erro figuratiboko pintura eta abstraktuena konbinatuz, ikusleak bere buruari galde diezaion zer den erreala eta zer birsortua.
Bere lana pinturaren, instalazioaren eta argazkiaren artean kokatzen da, erabat piktorikoak ez diren materialen alde eginez. Bere sorkuntzek bidimentsionaltasuna apurtzen saiatzen dira, hainbat elementuren arteko lotura-puntuak sortuz, tradizionalak ez diren mihiseetara joz, eraikinak edo autobusak kasu, eta pinturaren mugak ikertuz.
Miren Doizek 2014an erakutsi zuen lehen aldiz Artea Oinez-en, hain zuzen ere Zangotzako Ikastolak antolatutako erakusketan. Harrezkero, urtero hartu du parte, eta orain, hamar urte geroago, protagonista da, salbuespen gisa.
Mundu ikuskerak
Denera 83 artistaren lanak jarri ditu ikusgai Nafarroako Ikastolen Elkarteak Artea Oinez erakusketan. «Beren sorkuntzen bidez, mundua ikusteko, ulertzeko eta islatzeko hainbat ahots eta modu eskaintzen dituzte –adierazi dute sustatzaileek–. Ibilbide desberdinak erakusketa gune berean daude eta bat egiten dute, eta elkarrizketa aberasgarria eta publiko desberdinekiko lotura ahalbidetzen dute».
Diziplina desberdinak aztertzen dituzten artistak direnez, erakusketak margolanak, eskulturak, argazkiak eta instalazioak hartu ditu, artearen eta haren adierazpen artistikoen ikuspegi orokorra emateko apustu gisa. Artistek, izan ere, hainbat teknika eta materialen erabilera aztertzen dituzte, hala nola aluminioa, altzairua, argizaria, olioa, portzelana, oihala, PVCa, tinta edo argazkia.
Nafarroako Ikastolen Elkarteko lehendakariak, Elena Zabaletak, parte hartzen duten artistek erakutsitako eskuzabaltasuna eskertu du; izan ere, horiek guztiak gabe, «ezinezkoa izango litzateke dagoeneko Nafarroako arte-panoraman erreferente bilakatu den maila goreneko lanak dituen erakusketa hau».
Carlos Arcelusek, Zangotzako ikastolako lehendakariak, bere aldetik, ikastolen hezkuntza-eredua defendatu du: «Gure ereduak ikaste-prozesuaren erdigunean jartzen ditu haurrak eta prozesu horretan sormenak leku nabarmena du, finkatutakotik at pentsatzeko, irtenbide berriak aurkitzeko eta ideiak sortzeko gaitasuna baitakar».
Aldi berean, lehendakariak «artea iritziak eta sentimenduak adierazteko, pentsatzeko moduak eratzeko, besteekin harremanetan jartzeko eta elkarri eragiteko, xehetasun txikiak begiradaren hezkuntzaren bidez baloratzeko eta haurrei balioak irakasteko bitarteko egokia» dela nabarmendu du.
10.00etatik 14.00etara eta 17.00etatik 21.00etara da bisita ordutegia. Sarrera librea.
Kokapena
Civivox Condestable
Kale Nagusia,2
Iruñea. Nafarroa